Elkartegia sarea handitu asmoz, Malta eraisteko lanak hasi ditu aldundiak
2007an erosi zituen Malta eta Dalia enpresetako eraikin eta lurzoruak, 19 milioi euro ordainduta. Lanak egiteko hiru hilabeteko epea dauka aldi baterako enpresa elkarteakElkartegien sarea handitu gura du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, asmo horretan, Ger...
2007an erosi zituen Malta eta Dalia enpresetako eraikin eta lurzoruak, 19 milioi euro ordainduta. Lanak egiteko hiru hilabeteko epea dauka aldi baterako enpresa elkarteak
Elkartegien sarea handitu gura du Bizkaiko Foru Aldundiak, eta, asmo horretan, Gernika-Lumon ere Elkartegia egiteko asmoa agertu zuen. Hain zuzen, azpiegituren eskaintza handitzeko jardueren baitan jaso zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegiturak sozietate publikoak Gernika-Lumoko Malta eta Daliako (JYPSA) lursailak egokitzen hastea.Mahai-tresneria fabrikatzen zuen Cruz de Malta enpresaren instalazio zaharrak eraisteko obrak hasi ditu, eta Intxausti eta Lezama Demoliciones enpresek sortutako aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu dio obra hori. Hura burutzeko, hiru hilabeteko epea eta 298.275,33 euroko aurrekontua du.
Aldundiaren jarduera horrek Busturialdeari Elkartegien sareagaz bat egiteko bidea zabalduko dio, eta Startup ekimenak zein motore legez aritu daitezkeen indutria proiektuak hartu ahal izango ditu. Ekintzailetza eta gizarte berrikuntzako proiektuek ere bere lekua lukete Gernika-Lumoko Elkartegian.
Espazio desberdinduak izango lituzke etorkizunean eraiki gura duten Elkartegiak: moduluz osatutako gune ezberdinak, enpresa arloko proiektua berriak garatzeko gunea, jardunaldi eta elkarguneetarako gela eta erakusketa gela. Elkartegia hiri barruan egon arren, haren jarduerak ez lirateke gogaigarriak izango Bizkaiko Foru Aldundiak zehaztu duenez; ezta kutsakorrak ere.
Arazo ekonomikoak
Mahai-tresneriako enpresek bizi zuten krisiari irtenbide bat eman nahian, Bizkaian sektore horretan lan egiten zuten bi enpresa bakarrak bat egiteko Dalia (JYPSA) eta Cruz de Malta ekarpen ekonomikoa egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2007. urtean. Hain zuzen, 19 milioi euroko ekarpena eginez, enpresa bietako langileak hartu zituen bateratze horretatik sortu zuten enpresa berriak, eta zor ekonomikotik libre hasi zuten euren bidea.
Prozesu horren ondorioz, Malta eta Dalia enpresetako eraikin zaharrak eta lurzorua bera Bizkaiko Foru Aldundiaren esku geratu ziren. Gernika-Lumoko industriagunea berpizteko asmoz, Ibarra kaleko gune horretan enpresen haztegia eraikitzeko asmoa agertu dute.