Santi Brouard omenduko dute hil zuteneko 30. urteurrenean
Bihar Santi Brouarden hilketaren 30. urte beteko direla eta, ekimen bereziak antolatu ditu Sortuk bere jaioterrian. Urtero modura, lore eskaintza egingo diote bihar hilerrian, eta omenaldia, domekan.Urtero legez, Pilaran batzeko hitzordua jarri dute 13...
Urtero legez, Pilaran batzeko hitzordua jarri dute 13:00etan, eta handik hilerrira joan eta bertan egingo diote Santi Brouardi lore eskaintza.
30 urteurrenaren harira, aurten, gainera, ekitaldi berezia antolatu dute. Eskolapean izango da, 13:00etan.
Omenaldia Bilbon
Lekeition bezala, Bilbon ere izan dute gogoan Brouard. Sortuk omenaldia egin zien joan den zapatuan Santi Brouard eta Josu Muguruza militante abertzaleei, hil zituzteneko 30 eta 25 urte betetzear direnean. Apur ditzagun kateak lelopean egin zuten ekitaldia, Euskalduna Jauregian.
Ekitaldian «Espainiagaz kateak hautsi» behar direla aldarrikatu zuten: «Gure geroaren jabe egiteko eta independentzia eta sozialismoari ateak irekitzeko», esan zuten.
«Josu eta Santi garai jakin bateko erreferente politiko eta kolektibo gisa hartzen baditugu, Josuk eta Santik asmatu zutela esan dezakegu», adierazi zuen Pernando Barrenak. «Garaiko Ezker Abertzaleak ebatzi zuen estatu espainolak ez zeukala eskaintza demokratikorik Euskal Herriarentzat, erreforma espainolak elite politikoen pribilegio ekonomiko eta sozialak betikotuko zituela eta herrien kontrako iruzurra besterik ez zela; eta, ondorioz, haustura demokratikoaren aldeko apustua egin behar zela eta euskal herritarron erabaki eskubidearen errespetua ipar hartuta aurrera egin behar genuela. Hori erabaki genuen, eta asmatu genuen, 37 urte beranduago esan daiteke lasai asko», azpimarratu zuen Barrenak.