1997ko uztailaren 21ean Oviedoko Buenavista polizia etxearen kontra granadekin eraso egitea leporatuta Eneko Goieaskoetxea busturiarra epaitu zuten joan den astean. Haren abokatu Jone Goirizelaiaren esanetan, «oso ondo» joan zen epaiketa: «Fiskalak ez du frogarik lortu Kepa Arronategik, inkomunikazioan eta mehatxupean, bere deklarazioan esaten zuena egiaztatzeko. Ezin izan dute hori baieztatu». Hortaz dagoen jurisprudentzia kontuan izanda, Goieaskoetxearen aurkako frograrik ez dagoela dio Goirizelaiak, «sententzia bat ezin daiteke auzipetu baten deklarazioan bakarrik oinarritu, beste frogarik ez baldin badago, eta fiskalak ez du hori lortu».
Auzi honen antzerako sententzia bat dagoeneko badagoela aipatu du Goirizelaiak. Izan ere, iaz, Madrilgo Barajasko aireportuaren kausan
absolbitu egin zuten Goieaskoetxea. Orduan, 1997. urteko urtarrilean Barajasko aireportura granadak bota izana leporatzen zioten. Absoluzioaren arrazoia «Kepa Arronategiren deklarazioak baieztatzeko frograrik ez zegoela izan zen», dio Goirizelaiak.
Fiskaltzak 71 urteko zigorra eskatu du busturiarrarentzat: 16 urtekoa sortutako kalteengatik, 45 urte erailketa saiakerengatik, eta 10 urte lesioengatik.
Elkartasun bidaia Parisera
Ibon Goieaskoetxearen zein Eneko Goieaskoetxearen aurka egindako epaiketak «egungo egoera politikoan konponbidearen aurkako erasoa direla esateko» batetik, eta akusatuei zein senideei elkartasuna adierazteko, bestetik, Busturia Aurrerak Pariserako bidaia antolatu du.
Jakinarazi dutenez, autobusa Busturitik aterako da abenduaren 11n, eguen iluntzean, eta hurrengo egunean epaiketa saioa amaitzerakoan hartuko dute berriz etxerako bidea. Parisera joateko interesa duten horiek aurretiaz izena eman beharko dute Busturiko tabernetan. Abenduaren 5a jarri dute izena emateko azken eguna.
Zazpi euskal herritar
epaitzen ari dira Parisen; tartean, Ibon Goieaskoetxea busturiarra