Urertzeren Uberan Collagekeraren baitako hirugarren liburua dakar Joseba Mikel Ugaldek (Bermeo, 1956).
Hirurehun eta hamar segundo haiek eta
Urertzeko mamarrua liburuen jarraipena da azken hau:
Muakiss. Azken atala dela dio bermeotarrak eta papera alde batera utzita, liburu interaktiboa egin du oraingoan. Aurreko bien moduan, hirugarren hau ere
collagekera bat da, “
collage eta saiakera hitzak elkartuta asmatutako hitza da, collage antzeko bat egiten dudalako”. Izan ere, zaila da Ugalderen ustez, bere liburuak ohiko generoetan sailkatzea: “Nirea,
gen-eroa da”, dio.
Hirugarren atal honekin euskara eta teknologia berriak uztartu nahi izan dituela dio bermeotarrak: “Nire aportazio txikia egin nahi nuen”.
Muakiss liburua tabletetan, telefono mugikorretan, edota ordenagailuetan irakur daiteke,
Urertzerenuberan.blogspot.eus blogean sartuz. “Orrialde guztietan, gainera, bideoak, audioak, argazkiak edota gif-ak aurkituko ditu irakurleak”. Paperean ez argitaratzeak sor litezkeen trabengatik galdetuta, egun esku artean medio asko ditugula erantzuten du: “komunean ere telefono mugikorrarekin gaude”. Teknologia berriek egun duten garrantzia barneratuta du bermeotarrak, eta haren liburu barriari buruzko azalpenak ere bideokonferentzia bitartez eman dizkio Hitza-ri.
Denborak sortu duena
“Hasieran ez nuen hiru atal idazteko asmorik, denborarekin sortzen joan baita egitasmoa” dio Ugaldek. Lehengo lanak maisu bat eta bere ikasleak izan zituen ardatz; bigarrenean, irakasle horrekin ibilitako ikasle bat izan zen protagonista; maisuaren ohitura berberak zituena. Ikasleak koaderno laranja bat zuen, maisuak bezala, eta hor idazten zituen bere gogoetak. Hirugarrenean, berriz,
webloga da abiapuntua. Urtean behin batzen diren ikasleak, weblog horretan jartzen dituzte beraien gogoetak, “batek jartzen duen gaiaren inguruan egiten dituzte gainontzekoek gogoetak”. Horiek guztiak, baina, Ugalderenak dira.
Hiru liburuek, batetik, transmisioa dute helburu, eta bestetik, jakin-mina sortzea. Hala ere, hori guztia beti “ironia eta umore kutsuarekin” egitea gustatzen zaio idazleari. Ugalderen ustez, garrantzitsua da irakurlea erakartzea, eta horretarako beharrezkoa da “irribarrea ateratzen jakitea”. Testu laburragoak erabili ditu oraingoan, “alaiagoak eta modernoagoak”. Egun irakurketa bultzatzeko lanak laburrak izan behar direla dio, “bestela, ez ditu inork irakurtzen. Ni, gainera, gustora sentitzen naiz bide horretatik, horregatik egin dut”.
Muakiss liburuarekin bilduma honi amaiera ematen dio, “denak izan behar baitu amaiera bat. Hiru liburu hauekin ideia bat zabaldu da, barre apur bat egiteko balio izan dute, eta jakin-mina ere sorrarazi dut. Beraz, nahikoa dela uste dut. Gainera, garaiak eskatzen duen modura, teknologia berriekin amaitu dut bilduma”.
Hiztegi barneratua
Ateraldiak, aforismoak eta hitz-jokoak gustoko ditu bermeotarrak, eta horiekin osatzen du liburua. Liburuaren izenburua bera hitz-joko bat da: muak onomotopeia eta ingelesezko kiss hitzak batu ditu Muakiss sortzeko. Liburuaren atal batean, euskara eta ingelesa uztartzen dituzten hitz-jokoak erabiltzen ditu. Euskararekin jolastea ere gustoko du Ugaldek, eta hori posible dela erakutsi nahi die irakurleei: “euskara ez da gauza serioetarako bakarrik; posible da berarekin jolastea ere eta adibide asko aurki daitezke nire azken liburuan”.
Irakurleei bidea errazteko gainera, zuzenean hiztegira jotzeko aukera eskaintzen du liburuaren orrialde guztietan. “Euskaraz irakurtzeko ohiturarik ez duten askok irakurri dituzte nire liburuak, eta esan didatenez zenbait berba ulertzeko arazoak izaten dituzte. Oraingoan, baina, bidea erraztu nahi izan diet, eta zuzenean jo dezakete hiztegira”.
Gauzak hobeto edo desberdin egin behar direla uste du Ugaldek, “hori beti izan dut argi”. Literaturak, haren ustez, “iraultza” behar du, eta gazteengandik etorri behar dela deritzo. “Erakargarriak diren gauzak behar ditugu, eta gazteei utzi behar diegu lekua. Izan ere, helduok dagoeneko ez ditugu gauza berriak eskaintzen. Ohikoa denetik ateratzen jakin behar dugu. Gauzak, gainera, beldur barik egin behar ditugula uste dut, zer esango dutenaren beldur baitira asko”.
Soinean beti paper bat eroan izan ohi du Ugaldek, “ideiak edozein momentutan sor daitezkeelako”. Egun, baina, mugikorra soinean izanda, ideiak hor grabatzen dituela dio. “Kurioso” modura definitzen du bere burua; era berean, kuriositatea sorraraztea ere gustoko duela dio.
Idaztea “gaixotasuna” dela dio, hortaz aurrerantzean ez dakiela zein norabiderantz joko duen zehaztu du.