Kurtzeganako iruinarria bisitatuko dute parte hartzaileek
Hiru urteko etenaldiaren ostean, Urdaibaiko Arkeologia Jardunaldiak berritasunekin datoz aurten. Agiri elkarteko Juan Carlos Lopez Quintanak jakinarazi duenez, “azken urteetan behera egin zuen parte hartzaile kopuruak”. Hala, 2011n, 2012an eta 2013an jardunaldirik ez antolatzea erabaki zuten elkarteko kideek.
Aurten, baina, bueltan dira Agirikoak, eta egitarau berezia prestatu dute. Quintanak dioenez, “jardunaldi erakargarriak antolatzen saiatu gara”. Hala, eskualdeko gaiez gain, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako zenbait gai ere jorratuko dituzte jardunaldietan.
Arkeologia jardunaldiak herritar guztiei daude zabalik, eta datorren astelehentik aurrera horietan parte hartzeko deia egin du arkeologia elkarteko kideak. Haren berbetan, “gai oso interesgarriak landuko dituzte”.
Astelehenean hasiko dira jardunaldiak Amaiurko gazteluari buruzko berbaldiagaz. Gazteluan egindako arkeologia lanez gain, memoria historikoaz ere ariko da Juantxo Agirre Aranzadiko kidea.
San Adriango pasabidea
Martitzenean, bestalde, San Adriango (Aizkorri; Gipuzkoa) tunelari buruzko saio egingo dute. Aizkorri mendikatearen azpitik pasatzen da tunel natural hori, eta duela 12.000 urte inguru hasi ziren erabiltzen pasabide bezala. Besteak beste, garai horretako, Brontzezko Aroko, Erdi Aroko, eta Aro Garaikideko aztarnak aurkitu dituzte bertan.
Eguaztenean, eskualdean jarriko dute arreta arkeologoek. Hain zuzen, Bermeoko Tribisburu nekropoli erromatarrari buruz ariko da Juan Jose Cepeda ikerlaria. Quintanaren berbetan, “1994an aurkitu zuten erromatar garaiko bizilekua, baina duela hiru urte hasi zituzten indusketa lan serioak”. Nabarmendu duenez, erromatar nekropoli ezezaguna da, baina balio handikoa.
Gernika-Lumon egin beharreko saioak eguenean amaituko dira, Werner Herzog-en dokumental bat proiektatuz. Hain zuzen, Frantziako Arbeche lurraldean dagoen Chavet-eko kobari buruzko lana da. Leize hori orma-irudi gehien dituenetako bat da. “Dokumental ikaragarri ona da” gomendatu du Quintanak.
Jardunaldiak bisita gidatu bategaz amaituko dira, urriaren 22an. Quintanak azaldu duenez, Orozkoko Kurtzeganeko iruinarria bisitatuko dute gura dutenek. Iruinarri horrek 5,5 metroko altuera dauka, eta Euskal Herriko altuena da. Agiri elkarteko kideek iruinarria berriro zutik jartzeko lanetan parte hartu zuten, eta bisita gidatuan hainbat azalpen emango dituzte.
Hainbat aztarna
Quintanak dioenez, “Euskal Herria gune oso ona da arkeologia ikerketak egiteko”. Izan ere, homo sapiensa duela 40.000 urte inguru hasi zen bertoko lurraldeetara heltzen. Hala, ibilbide luze horretan hainbat aztarna utzi dituzte. Besteak beste, prehistoriako, Burdin Aroko, Bontzezko Aroko, Erromatarren garaiko, Erdi Aroko, eta Aro Garaikideko hainbat aztarna daude Euskal Herrian barrena, eta horiek ezagutaraztea bilatzen dute Urdaibaiko Arkeologia Jardunaldiek.
Egitaraua
- Astelehenean, 19:30ean. Juantxo Aguirre Aranzadiko kidearen berbaldia, Elai-Alai aretoan. Amaiurko (Nafarroa) gazteluan egindako indusketak eta memoria historikoa izango ditu berbagai.
- Azaroaren 18an, 19:30ean. Alfredo Moraza Aranzadiko kidearen berbaldia, Elai-Alai aretoan. San Adrian eta Lizarrate batzen dituen pasabide naturalari buruz egingo du berba.
- Azaroaren 19an, 19:30ean. Juan Jose Cepedaren berbaldia Elai-Alai aretoan. Bermeoko Tribisburu nekropoli erromatarra izango du hizpide.
- Azaroaren 20 an, 19:30ean. Zinema dokumental arkeologikoa proiektatuko dute, Astran.
- Azaroaren 22an, 08:00etan. Bisita gidatua Orozkoko Kurtzeganeko iruinarrira. Agiri Elkarteko kideek emango dute bertan egindako lanen berri. Iruinarriaren historiaz ere ariko dira elkartekoak. Gernika-Lumoko autobus geltokitik aterako dira parte hartu nahi dutenek. Izena emateko, interesatuak elkarteagaz jarri behar dira harremanetan.