Iaz hasitako esperientziari jarraipena eman nahi dio aurten ere Sagrado Corazon ikastetxeak. Hala, joan den ikasturtean egin modura, ikasleak Bermeoko Sancti Spiritus zaharren udal egoitzako egoiliarrekin aisialdiko uneak pasatzera joango dira. Adinekoen eta gazteen arteko loturak indartzeko balio duen esperientzia dela azaltzen dute ikastetxetik.
Iazko esperientziaren balorazioa «oso positiboa» izan zela kontuan izanik, astero bitan joango dira zaharren egoitzara Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleak. Joan den ikasturtean proiektua zena, ikastetxearen eskola proiektuaren baitan sartu dute, berriz, aurton eta Gazte-Nagusi izena jarri diote proiektuari. Sagrado Corazon Ikastetxetik azaldutakoaren arabera, «ez dugu nahi ekintza puntual bat izatea. Horregaitik, ikastetxearen hezkuntza proiektuaren atal bat izango da aurrerantzean».
Hain zuzen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) laugarren mailako ikasleak izango dira proiektuan parte hartuko dutenak. Hala ere, puntualki beste maila batzuetako ikasleak ere joan daitezkeela adierazi dute.
Ekimen honen bitartez, Sagrado Corazon ikastetxeak nagusienganako gazteen sentsibilizazioa piztu nahi du. Ikastetxeko arduradunen arabera, «gaur egungo gizartean adinekoak gutxietsita daude eta mota honetako jarduerek horrelako jarrerak ekiditzen laguntzen dutela uste dugu».
Ikasleak eta egoiliarrak astean bitan batzen dira eta hitz egiteaz gain, elkarrekin jolasteko aukera ere izaten dute. Modu horretan, elkarren arteko loturak indartzen dituzte.
«Lotura onak sortu»
Bermeoko Udaleko Gizarte Ongizate Patronatuarentzat zein Sagrado Corazon ikastetxearentzat esperientzia «aberasgarria» da bai nagusientzako zein ikasleentzako ere. «Gazteek eta adinekoek elkarrengandik gauza asko ikasi ahal dituztela konturatu dira, eta momentu politak eta dibertigarriak sortzen dira». Topaketa horien bitartez, generazio ezberdinen arteko loturak sortzen saiatzen dira, eta horiek gaur egungo gizartean «garrantzitsuak» direla uste dute ikastetxeko arduradunek.
Iazko ikasturtean zehar hainbatetan batu ostean, ikasleen eta adinekoen artean lotura «oso ona» izan zela adierazi dute: «hain gustura zeudenez, ikasturtea amaitu ondoren ere, zenbait ikaslek nagusiak bisitatzen jarraitu dute».