
Bermeoko Udaleko osoko bilkurak 2015. urterako ordenantza fiskalak onartu ditu. Datorren urtera begira udalak proposatzen duen igoera bakarra kiroldegikoa da. Hain zuzen ere, urteko kuota %5 igoko da. Gainontzeko zergak, tasak eta prezio publikoak bere horretan mantenduko dituzte.
Bermeoko Araneko Kiroldegiko erabiltzaileek, aurten baino %5 gehiago ordainduko dute datorren urteko abonua. Kiroldegiaren “bideragarritasuna bermatzeko beharrezko” igoera dela di Irune Ormaetxeak udaleko kiroletako zinegotziak. Hala, banakako abonua 4,63 euro garestiagoa izango da datorren urtean. Familiakoa, bestalde, ia bederatzi euro.
Dena den, kiroldegiko erreserbek, sarreren prezioek, eta ikastaroek ez dutela igoerarik izango nabarmendu dute, hau da, aurtengo moduan jarraituko dute.
EAJ igoeraren aurka
Bermeoko Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) desadostasuna agertu zuen osoko bilkuran. Horien ustez, igoera hori “gehiegizkoa da”. Hortaz, Kirol Patronatuko 2015. urteko Ordenantza Fiskalak bozkatzerakoan, aurka bozkatu zuten.
Udalaren gainontzeko zergetan, tasetan eta prezio publikoetan ez da aldaketarik egongo 2015ean, izan ere, bere horretan mantentzea erabaki dute. Erabaki horren aurrean Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek esan duenez, “gure herriaren egoera kontuan izan dugu, hau da, herritar askoren egoera ekonomikoa ez dela ona eta horiei ezin diegula ahalegin gehiagorik eskatu. Ahalegin bat egin dugu zergak eta tasak bere horretan mantentzeko”.
Hobariak Bermibusean
Bestalde, Bermeoko Udaletik jakinarazi legez, Bermibus autobus zerbitzuaren ordenantza aldatu dute. Modu horretan, jubilatuez eta langabetuez gain, aurrerantzean %65 edo handik gorako elbarritasun-maila duten pertsonek ere hobariak jaso ahalko dituzte.
Hobaria jasotzeko, Berh@zen aurkeztu beharko dute elbarritasuna ziurtatzen duen agiria, autobuserako beharrezkoa den txartelak hobaridun tarifa izateko.
Datorren urtean, beraz, Bermibus zerbitzuaren prezioa ere bere horretan mantenduko da. Bidai arruntaren prezioa 0,70 eurokoa izaten jarraituko du eta jubilatuek, langabetuek eta %65 edo handik gorako elbarritasuna duten horiek 0,50 euro ordainduko dute. Beti ere, Berh@zen ematen duten hobariak izateko txartela badute.