Merkatua sustatzeko, indartzeko eta dinamizatzeko helburuarekin, Bermeoko udal azokako araudia berritzea onartu dute, aho batez, osoko bilkuran. Irune Ormaetxea Merkataritza eta Turismo zinegotziaren esanetan, «ezinbestekoa zen 1995eko araudia garai berrietara egokitzea, azken urte hauetan asko aldatu baita egoera soziekonomikoa». Berrikuntzen artean, garrantzitsuenetarikoa, emakiden iraupena da. Orain arte 50 urterako moduluak ziren, orain, berriz, bost urterako. Prezioak ere egokitu egin dituzte.
Ormaetxeak azaldu legez, «ekintzaileei negoziak udal merkatuan ezartzeko erraztasunak eman nahi dizkiegu». Hala, azokako eskaintza zabalagoa, anitzagoa eta erakargarriagoa izatea lortu nahi da, «herritarrak erosketak egiterako orduan, azoka aukeratu dezaten». Izan ere, hainbat dira merkatuko postuetan sal daitezkeen produktuak: janariak,edariak, lorak, egunkariak edota osasunarekin lotutako produktuak, besteren artean.
Udal azokako araudian egin duten aldaketarik nabarmenena emakiden iraupena da, horiek orain bost urterako izango baitira eta ez 50 arautegi zaharrak zehazten zuenez.
Hiru aukera
Azokak hainbat aukera eskaintzen ditu, hiru motatako postuak baitaude. Hala, hamar metro kuadro inguru dituzten modulo itxien emakidaren prezioa, egun, 1.500 eurokoa da. Hilero, bestalde, 245 euro ordaindu beharko dira jabego publikoaren okupazio tasagatik eta azokako zerbitzuengatik. Mota horretako 37 postu daude azokan, eta hamaika dira libre daudenak, gehienak kanpoko aldean. Jakinarazi dutenez, ekintzaile bakoitzak, gehienez, bi modulu hartu ahalko ditu.
Lokal ertainak bi bakarrik daude. Horiek 1.314 euro ordaindu beharko dituzte bost urteko emakidagatik eta hilean 216 euro. Hala ere, momentuz biak okupatuta daudela azaldu dute.
Udal azokaren helburuetariko bat, bestalde, nekazal produktuen salmenta sustatzea da. Horretarako, azokak hamasei mahai finko ditu eta horietako zortzi libre daude. Mahai finkoen emakida ere bost urtekoa izango da. Horiengatik 617 euro ordaindu beharko dira gehi 109 euro hilean zerbitzuengatik eta jabego publikoaren okupazio tasagatik. Ordenantza berriarekin baserritarra balorean jarri nahi dutela dio Ormaetxeak: «bereziki inguruko baserrietan ekoiztutako produktuak eta produktu ekologikoak saltzea bultzatu gura da. Ondorioz, ekoizle profesionalek lehentasuna izango dute mahaiak erabiltzeko eta okupatzeko garaian».
Araudi berriak, gainera, aldizkako okupazioak baimentzen ditu, beti ere, postu hutsak egotekotan. Horrez gain, eskariak azokaren izaerarekin bat etorri beharko direla azaldu dute.
Eskariak Berh@zen
Interesa duten ekintzaileek Berh@z bulegoan egin beharko dituzte eskariak, eta dagoeneko interesa duten zenbait lagun badaudela esan du Ormaetxeak.
Bermeoko udal azoka herriko kulturan eta identitatean erreferentziazko gunea dela dio Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek. Haren indarguneak eta ahuleziak identifikatzeko, gainera, diagnostiko bat egin dutela azaldu du. Aparkaleku falta zegoenez, plazako aparkalekuak egokitu zituzten eta txandakako aparkalekuak jarri zituzten erosketak egiten dituztenei erraztasunak emateko.
Horrez gain, jendea azokara erakarri asmoz, merkatu bereziak antolatzen dituzte, Gabonetako bertoko produktuen azoka edota udakoa, esaterako.