Kontzertu osteko jaialdi batekin dator aurton Halloween Metal Festa
Busturialdeko Hitza
Busturialdea
Antolatzaileak mozorrotuta aurreko edizio batean
Amerikako Estatu Batuetan (AEB) ospatzen den Halloween jaia ospatzeko aukera izango dute beste behin ere bermeotarrek, Spookypheria Productions kultur elkarteak Halloween Metal Fest jaialdia antolatu baitu zapaturako. Jaialdiaren zazpigarren urtea da eta berritasunekin dator, lehenengoz kontzertu osterako jaialdi bat antolatu baitute. Jaialdi hori Overdry taldeak gidatuko du, eta ezustekoak, kolaborazioak, zozketak eta sariak izango direla nabarmendu dute antolatzaileek.
Beldurra eta metal musika uztartzeko helburua du Halloween Metal Fest jaialdiak. Antolatzaileen esanetan, “metal genero desberdinak nahasten saiatu izan gara hasieratik, eta aurten ere ez da desberdina izango”. Aurreko urteetako ohiturari eutsita, Bermeoko Kafe Antzokian izango da jaialdia eta 20:00etan irekiko dituzte ateak. Betiko formatuari eutsiko diote eta lehenik eta behin, musika bideo emanaldiekin hasiko dira, videojukebox-ekin, hain zuzen ere. Spookypheria Productions kultur elkarteko kideak eta horien zenbait lagunek gustoko dituzten bideo emanaldiak jartzen dituzte tarte horretan. Horiek grabatzerako orduan sortzen diren toma faltsuak ere ez dira falta izango, “bertaratutakoak horien zain egoten dira”.
Lau talde eta ondorengo jaialdia
21:15ak aldera hasiko dira musika taldeak taularatzen. Eskualdeko Sealed Room taldea izango da lehena, ondoren Iruñako Dawn of The Mayak hartuko du lekukoa. Hirugarren taldea Crisix izango da, Bartzelonakoak. Azkenik, jaialdiaren jarraitzaileek ondo ezagutzen duten Vita Imana madrildarren txanda izango da: “Halloween Metal Fest jaialdiko klasiko batzuk dira hauek, uste dugu bere generoan onenetarikoak direla eta horregatik ekartzen ditugu”. Musika taldeen emanaldiak amaitu ondoren, jaialdi batekin jarraituko dute. Jaialdia Overdry taldeak gidatu du.
Halloween jaian girotzea da antolatzaileen helburua, hortaz, bertaratzen direnei mozorrotuta hurbiltzeko deia luzatzen die. Gainera, mozorro onenak saria jasoko duela jakinarazi dute.
Halloween Metal Fest jaialdirako sarrerak hainbat tokitan aurki daitezke: Bermeon, Luma liburudendan, Zarata Rock dendan edo Kafe Antzokian; Gernika-Lumon, Ospa tabernan eta Bilbon, Arisen. Interneten ere badaude salgai; www.kulturalive.com-en, eta www.ticketea.com-en. Aurretiaz erosita, sarrerek zazpi euro balio dituzte. Egun berean, leihatilan erosten duten horiek, berriz, hamar euro ordaindu behar dituzte. Sarrerak zenbatuta egongo direla zehaztu dute eta zenbaki horiek izango dira zozketan sartuko direnak.
“Hazteko asmoa”
Spookypheria Productions kultur elkartearen asmoa “haztea” da: “Gure sentsazioa, baina, herrian baino gehiago kanpora begira hasten ari garela da. Zehatzagoak izateko, iaz, esaterako, 200 lagun ingurutik 120 herritik kanpokoak ziren”. Aurten, gainera, badakite Italiatik eta Esloveniatik jendea datorrela eta Bilbotik ere Bermeora etortzeko autobus bat antolatu dutela.
Aurten, beste behin ere, HITZA egunkariak Halloween Metal Fest jaialdira doan joateko aukera emango die lau laguni; izan ere, harpidedunen artean bi lagunentzako bina sarrera zozkatzen ari da asteon.
Halloween Metal Fest jaialdia iragartzeko bideoa:
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.