
EH Bilduk Bermeoko alkateorde Josu Unanue (Bermeo, 1958) aukeratu du Bizkaiko ahaldun nagusi izateko. Proposamena eginda, «asko» pentsatu zuela dio bermeotarrak: «batzuetan konpromisoak hartu beharra daukagu eta talde politiko honenganako konfidantza osoa daukat».
Konpromiso handia izateaz gain, izango duen aldaketa aipatu du Unanuek: «Bermeoko Udaleko alkateordea naiz, eta pasa dugun guztia pasa eta gero uste dut talde sendo modura funtzionatzen dugula.Orain, aldaketa handia izango da, baina erronka bat da».
Funtzionamendu aldaketa
Aldaketaren beharra nabarmentzen du Unanuek: «Aldundiaren eta Batzar Nagusien funtzionamendua aldatu beharra dago, hau ez da norberaren txoko bat. Orain arte proiektuak interesen araberakoak izan dira beti».
Bizkaia bizkaitarrena dela dio Bermeoko alkateordeak, «guztiona da, guztiok ordaintzen baitugu zergak. Beraz, diru horiek bizkaitar guztiontzako izan behar dira, hori da proposatzen dugun aldaketa garrantzitsuena».
Fiskalitatea ere aipatzen du Unanuek. Harek azaldutakoaren arabera, «koalizioak ezin du onartu gehien daukatenek, gainontzekoek bezala ordaintzea. Fiskalitatea justua izan behar da, hau da, gehien daukanak gehiago ordaindu beharko du». Egungo egoera kontuan izanda, gainera, gastu sozialetan murrizketak izatea ezin dela onartu dio Unanuek.
Politika egiteko beste modu baten beharra ikusten du EH Bilduk. Gardentasuna eta parte-hartzea izan dira azken lau urteetan EH Bilduren bandera. Gobernuan egon diren udalerrietan, prozesu herritar parte-hartzaile eredugarriak burutu dituztela azaldu du eta aurrerantzean ere horretan sakonduko dutela aipatu du bermeotarrak; «Herritarrei entzunda jardun behar dugu. Gurea bitartekari lana izan behar da. Batzar Nagusiak, gainera, udaletatik eta herritarretatik hurbil egon behar duen erakunde bat dela uste dugu, horretarako kalera atera beharra daukagu jendeak zer dioen entzuteko eta beraien ekarpenak jasotzeko bitartekoak jartzeko».
Unanuek, bestalde, Bizkaia Bilbo Handia baino gehiago dela gogorarazi nahi izan du.