
Erroxapeko zenbait kide goizeko agerraldian
Garai «berri» baten hasiera du Bermeoko Erroxape Emakumeen elkarteak. Zuzendaritza berria du eta energiak «berrituta» datozela aipatu du gaur goizeko agerraldian elkarteko presidente berria den Mari Jose Lopezek. Erroxaperen helburuei jarraipena emango diotela azaldu dute, hala ere, denbora berriei egokitu beharra dutela uste dute. Gainera, Erroxape adin guztietako emakumeei zuzenduta dagoen elkartea dela argi utzi gura izan dute, «askok uste baitute erretiratuentzako elkartea baino ez dela».
Taldeko presidente berriak herriko emakume guztiei dei egin die; «ateak zabalik daude elkartea eta antolatzen ditugun jarduerak ezagutzeko, baita parte hartzeko ere, horrela nahi izanez gero».
Elkartzeko eta eztabaidatzeko
Erroxapek antolatzen dituen jarduera desberdinen bitartez, «emakumeei aukera paregabea ematen diegu elkartzeko eta gai desberdinen inguruan eztabaidatzeko. Adin desberdinetako emakumeak gara eta gizarteari gure ekarpenak egiteko batzen gara». Hori dela eta, herriko emakumeak animatzen dituzte elkartean parte hartzera, adina edozein izanda ere.
Datozen hilabeteetarako programa zabala antolatu du Erroxapeko zuzendaritza berriak. Sendabalarren tailer bat ematen hasi dira, horien berezitasunak ezagutzeaz gain, horiekin kremak, xarabeak eta bestelakoak egiten ikasiko dute. Martitzenean hasi zen tailerra, baina jarraipena izango du azaroaren 4an, 11n eta 25ean eta abenduaren 2an. Hortaz, interesa dutenek oraindik aukera dute parte hartzeko.
Bestalde, emakumeen jabetze prozesuak bultzatzeko zinema ziklo bat antolatu dute. Hori azaroa eta urtarrila bitartean izango da Nestor Basterretxea aretoan. Denetara, hiru pelikula/dokumental eskainiko dituzte egun desberdinetan eta zuzendariekin solaserako tartea ere izango dute bertaratzen direnek. Lopezen arabera, «gai interesgarria da guretzat eta zinemaren bidez jorratzea erakargarria izan daiteke».
Sexologia tailerra
Horrez gain, Erroxapek azken urteetan eskaini izan dituen ohiko ikastaroak martxan dituztela aipatu dute; jostea, yoga edota eskulanak, besteren artean.
Datorren urtera begira ere jarrita daude dagoeneko, eta urtarrilean sexologia tailer bat martxan ipintzeko asmoa iragarri dute.
390 emakume inguruk osatzen dute Erroxape Emakumeen Elkartea eta orain dela 20 urte hasi zuten ibilbidea. «Bide hori garrantzitsua bada ere, denbora berriei egokitu behar gara, ideia eta ekarpen berriekin», azaldu dute goizeko agerraldian. Hori dela eta, elkartean guztientzako lekua dagoela argi utzi gura izan dute.