Lizeok ‘The Funamviolistak’ eta ‘Sutondoan’ ikuskizunak hartuko ditu
Helduentzako zein umeentzako kultur eskaintza dakar asteburu honetan Gernika-Lumoko Lizeo Antzokiak. Zapatuan, The Funamviolistas antzerki musikal entzutetsua ikusteko aukera izango dute herritarrek, 20:30ean. Arte eszenikoen Max Saria irabazi duen obra horrek egunerokotasun gogorra bizi duten hiru emakumeren istorioa kontatuko du. Ana Hernandezek biolina joko du, Mayte Olmedillak biola, eta kontrabajoa Lila Horovitz-ek.
Musikala ikusi gura duenak 12 euroko sarrera ordaindu beharko du; 9 euro bazkide direnek.
Umeek, berriz, domekan izango dute Sutondoan antzezlana ikusteko aukera. 17:00etan hasiko da saioa. Sarrera bost euro ordaindu beharko da (bazkideek 3,5 euro).