Lana bilatzerakoan herritarrak lagunduko ditu Bermeoaldeko Behargintzak
Langabetuei lana bilatzerako prozesuan ahalkularitza zerbitzua ematea da Bermeoaldeko Behargintzaren asmoa; hori dela eta, enplegu jardunaldiak antolatu ditu azarorako. Lehena, hain zuzen, hilaren 13an egingo dute, eta bigarrena, aldiz, lau egun beranduago, hilaren 27an.
Uda aurretik ere egin zituen aipatu jardunaldiak Behargintzak, eta bertan herritarrek izan zuten parte hartzea eta egindako eskaera kontuan hartu dituzte oraingoan ere berriz antolatzeko.
Aipatu bi jardunaldiak egingo dituzte ordu berean: 10:00etatik 12:00etara Bermeon kokatuta dagoen Behargintza bulegoan. Hain zuzen, lehenengo jardunaldian lanbide orriaren erabilera landuko dutela aurreratu dute, eta, bigarrenean, berriz, enplegu webguneak izango dituzte hizpide; alegia, enplegu informazioa, enpresen eta lan eskaintzen informazioa sarean…
Izan ere, Behargintzaren arabera, gaur egun, langabetuek lana bilatzeko zailtasunak dituzte, eta, horretarako, laguntza behar dute.
Hala, lan bilaketa aktiboan interesa duen orori dei egin die jardunaldietan parte hartzeko, eta bertan, «laneratze gaitasunak eta teknikak» landuko dituztela gogoraratu diete.
Interesatuek, hortaz, Behargintzako bulegoagaz jarri beharko dira harremanetan.