
Gernika-Lumoko osasun zentro berria inauguratu zutenetik urtebete igaro denean, Eusko Jaurlaritzak ospitale bat legez “saldu” zuena gaur gaurkoz anbulatorio handi bat baino ez dela dio sindikatuak. Hori dela eta, ospitale legez funtzionatzeko beharrezkoak diren baliabideak eta langileak jartzeko eskatu dio Osakidetzari. “Larrialdi zerbitzu integrala emango zuela iragarri zuten, pediatria barne; beste ospitale batzuetara joan beharra duten gaixoen kopurua murriztea ahalbidetuko zuela; hemodialisia bertan egiteko aukera emango zuela…”. Hala ere, ELAk dio errealitatea oso bestelakoa dela. “Laborategi zerbitzurik ez du gauetan, eta pazienteen analisiak taxian bidali behar izaten dituzte Galdakaoko ospitalera”. Oherik ez du oraindik Gernikaldea osasun zentroak, kirurjia txikiko ebakuntzak egiten hasiak diren arren. Segurtasunik ez du ospitalak, eta gauetan garbitzailerik ere ez dago: “spraiak eta enpapadoreak erabili behar izaten dituzte, eta egoera horretan ezinezkoa da higienea bermatzea”.
Ospitaleak behar dituenak baino mediku eta langile gutxiago ditu, eta larrialdi zerbitzuetarako 13 medikuak ez dira nahikoak, ELAren esanetan. Gainera, lokalizatutako guardiak kendu nahi dituztela salatu du sindikatuak,” borondatezko aparteko orduen sistema jartzeko”. Bestalde, pedriatrarik ez dela gogorarazi du, eta abuztura bitartean larrialdi zerbitzuetako medikuek 3.000 ume artatu dituztela.