Etorkizunaz hausrnartzeko elkartuko dira zapatuan Bizkaiko gazteak
Bizkaiko 18 eta 30 urte bitarteko gazteak eztabaidatzeko, kritikak egiteko eta hausnarketak partekatzeko batuko dira zapatuan Bilboko Euskalduna Jauregiko areto berrian, eta, batez ere, etorkizunera begiratzeko. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Kabian topaketen baitan egingo dute saio hori, GazteKaldia deitutakoa. Foru Aldundiak jakinarazi duenez, 09:30ean hasiko dute aipatu saioa eta 18:30era arte iraungo du.
Hala, bertaratzen direnek gazteentzat interesgarriak diren gaien inguruko adituen esperientziak ezagutzeko aukera izango dituzte bertan, besteak beste. Hain zuzen, espazio ireki batean elkartuko dira gazteak, «parte hartzailea eta sortzailea» izango dena; hartara, «euskara erabiliz, gazteek dituzten jakin-minak, desioak eta konpromisoak adieraz ditzaten».
Hala, 18 eta 30 urte bitarteko bizkaitar euskaldunei dei egin die bat egiteko zapatuko hitzordu horregaz, «hainbat galderei erantzuteko, elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko».
Bertaratu nahi duenak izena eman beharko du internet bidez. Aldundiak azaldu duenez, doanekoa izango da bertan parte hartzea. Informazio gehiago nahi duenak, bestalde k.bizkaia.net/kabian webgunean, kabian@bizkaia.net helbidera mezua bidalita, 666 42 78 97 telefonora deituta edota Twitter eta Facebook sare sozialetako profiletan jaso ahalko du.