‘El Cascanueces’ ikuskizuna ikusteko irteera antolatu du Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteak
Gautegiz Arteagako Helduen Elkarteari esker, El Cascanueces ikuskizunagaz gozatzeko aukera izango du herritarrak abenduaren 21ean. Horretarako, baina, beharrezkoa izango du izena ematea interesatuak urriaren 31 baino lehen, herriko kultur etxean.
Musika eta dantza uztartzen ditu aipatu ikuskizunak, eta munduan ospe handia duen baleta da Errusiako Rostov Antzerki Estatalaren konpainiaren El Cascanueces.
Galdutako haurtzaroaren nostalgiari eta nagusien munduaren errealitatea eta umeen amets munduaren arteko kontrasteari buruzkoa da Tchaikovskyren baleta. Hala, bere «ikusgarritasunagatik, pertsonaien irudimen oparoagatik eta Tchaikovskyren musika ahaztezinagatik» da berezia El Cascanueces.
Hain zuzen, abenduaren 21ean autobusa Gautegiz Arteagako plazatik abiatuko da 16:30ean. Buelta, berriz, 20:00etan izango dela jakinarazi du helduen elkarteak. Elkarteko kideek 20 euro ordaindu beharko dituzte bertaratzeko, eta gainontzekoek, aldiz, 30 euro. Prezioaren barne izango dira autobusa eta ikuskizunerako sarrera bera.