
Urriaren 31 izango da lanak aurkezteko azken eguna. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako sormen-lanik onenak saritzea du helburu Emakundek, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta EUDELek antolatzen duten lehiaketak, eta, Gernika-Lumok maila lokalean ere antolatzea erabaki du aurten berriro, Berdintasunerako udal zerbitzuaren bitartez. Beraz, Gernika-Lumoko gazteek Araba, Bizkai eta Gipuzkoa mailan antolatu duten lehiaketan zein herri lehiaketan parte har dezakete. Lehenengoan parte hartzeko
jarrera@beldurbarik.org helbidera bidali behar dira lanak. Bigarrenean parte hartzeko, berriz, honakora:
berdintasuna@gernika-lumo.net.
12 eta 26 urte bitarteko gazteek parte har dezakete, bakarka, taldeka edo ikasgela zein ikastetxe baten izenean. lanok ikus-entzunezkoak izan beharko dute (bideoa, argazkiak, musika…), eta edozein arte-diziplina islatu dezakete (dantza, margolaritza, performancea, antzerkia…).
Sariak
Herrialdeetako lehiaketan 1.000 euroko sari nagusia emango dute; eta 250 eurokoa Gernika-Lumoko lehiaketako irabazleari. Era berean, publikoaren sari bakarra ere emango dute, 300 eurokoa.
Tokiko lehiaketa bultzatu asmoz, Beldur Barik 2014-Gernika-Lumo ekimenak tailerrak emango ditu, parte hartzea sustatzeko. Hain zuzen, sakeleko telefonoarekin film laburrak nola egin irakatsiko dute urriaren 30ean eta azaroaren 6an, Astran.