
Herriko amumen eta aitxitxeen lana goraipatzeko asmoz, Muxikako Udalak omenaldi xume bat egin die lagun horiei guztiei. Omenaldia joan den astean Zubieta Errota eraikinean ikusgai izan den erakusketaren harira egin zuten. Izan ere, argazki gorietan ilobak eta aiton-amonak elkarrekin agertzen ziren, belaunaldien arteko trasmisioa irudikatuz. 30 lagun inguruk parte hartu zuten erakusketan.
Udalak eskerrak eman dizkie parte hartzaileei, euren familia bizitzaren zatitxo bat erakusteagatik. Era berean, amumek eta aitxitxeek egiten duten trasmisio lana ere goraipatu zuen Aitor Goldaraz alkateak. Izan ere, “aiton-amonei esker iraganeko jakituria gaur egungo ilobengana heltzen da”. Hala nola, hizkuntza, abestiak, olerkiak, kondairak, pasadizoak, herriko ohiturak… Altxor hori ez dela eskolan ikasten nabarmendu zuen alkateak omenaldi ekitaldian.
Azken urteetako egoera ekonomiko zailean familiako zaharrenek izan duten garrantziaz ere aritu zen Goldaraz. Izan ere laguntza ekonomikoa emateaz gain, etxeko umeetaz arduratu dira kasu askotan.