
Hain zuzen, Busturialderako Ur-hornidurararako Lurralde Ekintzarako Plana egitea ahalbidetuko duen hitzarmena Uraren Euskal Agentziak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Busturialdeko Uren Partzuergoak dinatu dute. Plan horrek «hornidura bermatzea, emari ekologikoak aintzat hartzea eta sistemaren kalteberatasuna murriztea» ditu helburutzat Jaurlaritzaren esanetan.
Urteak dira Busturialdeko ur-horniduraren bermearen eta uraren gehiegizko ustiapenaren inguruan kezka adierazten dutela, baina orain arte, ez dute arazoa konpontzeko irtenbide amankomunik aurkitu. Aurrerantzean, baina, plan horren bitartez, ur-hornidura hobetzeko, erakundeak elkarlanean zehaztu ahalko dituzte beharrezko azpiegiturak.
Izan ere, Busturialdeako sisteman zaila izaten da hornidura-bermea eta emari ekologikoak uztartzea, Jaurlaritzaren arabera. Arriolak dio, Busturialdeak uda garaian bakarrik izaten ditu arazoak ur horniduragaz. «Opor garaietan, bertoko populazioa hirukoiztu egiten da, ur asko kontsumituz. Gainera, euri gutxiago egiten du, eta horrek zuzenean eragiten du bertoko ur baliabideetan. Hala, erreketako ur emariak nabarmen egiten du behera, bertoko ekosistemak kaltetuz».
Ur urritasuneko garaietarako hornidura plana ongi etorria izango zela esan zuen bere garaian Iratxe Arriola BUPko presidenteak, «beharrezkoa delako». Era berean, helburua ura herriaren ondare izatea dela gogorarazi zuen; hori dela eta, herritarrei ere parte hartzeko aukera ematea gustatuko litzaiekela adierazi zuen, «plan horrek jasotzen dituen aukera ezberdinen artean egokiena aukeratu ahal izateko» .
Jaurlaritzak ere uste du plan hori «Urdaibaiko hirigintzan betebeharreko eskakizuna dela, eta esan du xede duela «lur-sailak erreserbatzea, besteak beste, Plangintza Hidrologikoan aurreikusitako ur-hornidurarako azpiegiturak kokatzeko».