
Ustez 36ko gerran hildako hiru-lau gudari anarkisten gorpuzkiak bilatzen jarraitu ahal izateko, Zubieta baserriaren ingurua garbitzeko auzolana egin zuten domekan, Muxikan. Hain zuzen, inguru zabalagoa garbitzeko asmoz egin zuten auzolanerako deia.
Guztira 15 lagun batu ziren, eta Aranzadi Zientzia Elkarteko 6 kide ere Muxikan izan izan ziren, udan emaitzarik eman ez zuten bilaketa lanekin jarraitzeko asmoz.
Eta domekako lanak bere fruituak eman dituela azaldu dute auzolanean parte hartu zuten bizilagunek. Hain zuzen, erabilitako eta erabili gabeko balak, sardeska bat edota kanpin dendak eusteko untza aurkitu zituzten, besteak beste. Hala ere, gorpurik edo gorpu atalik ez zutela aurkitu argitu dute.

Ustez gerra zibilean hil zituzten hiru edo lau gudari anarkista Zubieta inguruan lurperatuta daudelaren susmoa dute. Muxikako alkate Aitor Goldarazek uztailean azaldu zuenez, «Aranzadiko kide Jimi Jimenezek hilketa horiek ikertu zituen. Izan ere, 2002an ustez hilketa horien lekuko izan zen auzoko batek zehaztu zuen anarkista horiek hil zituzten lekua. Lekukoak sasoi hartan bederatzi urte zituen».