Badator Astelehentxutxu. Urriko azken zapatua kuadrillen eguna dute gazteek, elkarren arteko komunikazioa indartzeko; hala ere, egunetik harago joan gura dute sustatzaileek.
Alez ale, paellie. Hori da aurten Astelehentxutxuk zabaldu nahi duen mezua. Arroz alerik barik ez dagoela paellarik; «beste modu batera esanda, zu barik ez dagoela paellarik», Txutxu gazte taldeko kideek diotenez. Zapatuan ospatuko duten eguna antolatzen urteak daramatzate Ane Ibarzabalek (Kanala, 1994) eta Erlantz Ortizek (Gernika-Lumo, 1988).

Ane Ibarzabal eta Erlantz Ortiz
Eta aurten ere horretan darraite. Hala ere, herrian eta Gernika-Lumoko gazteen artean egutegian bere lekua egin duen arren, egunak berak hasieran zuen filosofia hori galtzen doala uste dute biek: «Jendea komunikatzeko, kuadrillen artean harremantzeko eguna izateko sortu zen, eta egunean bertan hori horrela izatea lortu da. Hala ere, gaur egun festarako eguna legez hartzen du jendeak, eta harreman horiek urtean zehar mantentzea da Txutxuren erronka».
Astelehentxutxu bera antolatzea izan zitekeen harremantzeko eta elkar ezagutzeko modua, «baina gaur egun bi edo hiru kuadrilla baino ez gara batzen prestaketa lanak egiteko». Eta parte hartze handiagoa eskertuko luketela onartu dute Txutxu taldeko bi kideek.
Gutxiren edo askoren artean, egin egingo dute, «baina zer egiten dugun ere kontuan hartu behar dugu». Seigarren Astelehentxutxu izanda, ‘gidoia’ aldatzeko tentazioa ere sumatu izan dute gazte taldekoek. Hala, zenbait berritasun badakartza aurtengo Astelehentxutxuk. Besteak beste, spot tutorialak zabaldu dituzte
sare sozialetan.
Egitaraua
–
11:00. Infogunea zabalik. (Goizago ez joateko eskatu dute).
–
14:30-15:00. Paellen aurkezpena.
–
15:00. Bazkaria.
–
17:00. Sari banaketa.
–
18:00. Olinpiadak.
–
20:00. Zaparrada batukadie.
–
20:00-22:00. Europote.
–
22:00. Txumorrouland Eupelakofest Pasealekuan.