
Prozesu horretan herritarren parte hartzea gura duela azaldu du, horrela, «herriko planteamendua gardentasunez eta adostasunez garatzeko».
Etorkizuneko Foruk «herrian bizi diren pertsonen beharrizenei erantzutea» gura duela azaldu du bertako alkate Jane Eyre Urkietak; alegia, «garapen jasangarriagaz konprometituta dagoen herri eredua definitu» nahi du, «bertan, enplegu aukerak sortu eta forutarren belaunaldi berriak herrian bertan geratu daitezen». Eta horretarako, herritarren ekarpenak entzuteko beharrizana erakutsi du udalak. Hori horrela, datozen hileotan herriko eragile ezberdinekaz bilduko direla aurreratu du.
Hala, herriko planteamendu barri hori diseinatzeko, batetik, hirigintza-soziologi diagnostikoa idatziko duela adierazi du. Idazketa hori adituei eskatu diote, hartara, herriko hirigintzari eta testuinguru sozialari lotutako aldeak «fideltasunez» islatzeko. Horretarako, herriko dokumentazio teknikoa, araudikoa eta soziologikoa batuko dute, eta, horregaz batera bilduko dute herriko eragileekin egindako bileretan jasotako informazioa ere.
Bestetik, herritarren parte-hartze prozesuaren diseinua jarriko du martxan: hala, eragile parte hartzaileak nortzuk izango diren eta erabiliko duten metodologia, parte-hartzerako mekanismoak eta prozesuaren garapena eta kronograma zeintzuk izango diren zehaztuko dute bertan, besteak beste.
Herritarren parte-hartze prozesu hori udalbatzak onartu beharko du, eta hori eginda hasiko dituzte eragileekin harremanak