
Ondarroan izango da ikuskizuna, eta herri horretako Unanue Koralagaz batera ariko dira gernikarrak. Busturialdeko eta Lea Artibaiko koralak domekan (urriak 19) abestuko dute Ondarroako Andra Mari elizan, 19:00etan. Jaialdi berezi izango da, Unanue Koralak 25. mendeurrena ospatuko baitu. Gernikarrek, bestalde, 20 urte bete dituzte aurten.
Gernika-Lumoko koraleko kideak oso pozik daude ondarrutarrekin lan egiteko aukera izan dutelako. Julia Foruria Gaudeamus koraleko zuzendariak dioenez, “gure koruan ez dugu hainbeste intentsidadeko ahotsik, izan ere, umeen korua beti aldatzen joaten da eta. Hor egoten diren zulo guztiak bete egin dituzte ondarrutarrek. Denek bat egin dute. Gure koruko jendea Unanuekoekin oso pozik egon da”.
Damen Kantak ikuskizuna emetasuna nabarmendu nahi duen
perfomancea da. “Kontzertu oso berritzailea eta desberdina” dela azpimarratu du Amaia Bilbao Gaudeamus taldeko kideak. “Lehenengo partea oso lasaia da, eta bigarren partea dena sorginekin-eta, apurtzaileagoa da”.
Bi zatitan banatua dago ikuskizuna. Lehenengo zatian, zuriz jantzita aterako dira kantariak, eta guztira, sei Ave Maria abestuko dituzte. Beti-betiko zein Ave Mariarik apurtzaileena entzun ahal izango da domekan Ondarroako elizan. Bi koralek gehien disfrutatzen dituzten piezak aukeratu dituzte.
Bigarren zatian, ostera, beltzez jantzita aterako dira, eta berritasun modura, argiak eta koreografia sartuko dira.
Musika pikta, Sorgin dantza,
Aglepta,
Lamiak,
Eguzkilore, eta
Ikimilikiliklik abestuko dituzte. Azken bi kantuak Stokes musikari kanadiarrak propio Gaudeamus koralari moldatutako abestiak dira.