27 kilometroko ibilaldi neurtua egingo du Goi Zalek domekan
XXXVI. Ibilaldi neurtua izango da eta Busturialdeko txoko ezberdinetatik ibiliko dira. Hala, domekan, 08:00etan aterako dira parte hartzaileak Goi Zaleren lokaletik, eta hortik Billakariorantz abiatuko dira. Ibilaldia 6 ordutan egitea aurreikusten dute, eta hasitako leku berean bukatuko dute. Bitartean, baina, Ugarte (Muxika), Zuerta, Oñarte, Meakaur, Elexalde (Errigoiti), Maiaga, Ganaga eta Dondiz inguruetatik ibiliko dira.
Ibililaldian indarrak hartzeko, edaria eta janaria emango dute ibilaldiaren erdi inguruan eta bukaeran jarriko duten anoa postuetan.
Hala, domekako ibilaldi horretan parte hartu nahi duenak izena eman beharko du. Aurretiaz egin ahalko du, hain zuzen, bihar bertan, 20:00etatik 21:30era, Goi Zaleren lokalean (Pedro Elejalde kalea 8, Txorraburu, Gernika-Lumo) edota 639 646 723 eta 94 625 84 78 telefonoetara deituta. Internet bidez ere bada izena ematerik goizale@goizale.com helbidera mezua bidalita. Horrez gain, domekan bertan ere apuntatu ahalko da interesatua 07:30etik 08:00etara, mendi taldearen lokalean bertan.
Aurreko aldietan bezala, domekako ibilaldian ere parte hartzea doakoa dela azaldu du mendi taldeak.