
Doaneko ekintza ez ohikoez beteta, joan den asteburua berezia izan da Euskadiko Biodibertsitate Zentroan, eta adin guztietako herritarrak batzea lortu du. Zapatu goizean, esaterako, ingurua ezagutzeko ibilbide bat egin zuten bertaratutakoek; iluntzean, berriz, Kepa Junkera musikariarekin tailer-solasaldian bildu ziren. Bertan, bere lanaren ibilbidea eta Urdaibai Biosfera Erreserbak bere prozesu-kreatiboetan izan duen eragina ezagutzeko aukera izan zuten bisitariek, besteak beste. Domekan, bestalde, Euskadiko I. Artisau Garagardo Azoka hartu zuen Madariaga Dorretxeak . Egunagaz eta asteburuagaz bukatzeko, Imanol Ituiño magoaren konpainiaz gozatu zuten gaztetxoenek zentroan egindako ibilbidean.