
Barrutiako geralekua egokitu du udalak; markesina jartzea falta da
Hiru markesina berri jarriko dituela jakinarazi du Arratzuko Udalak. Hain justu, Eleizalde, Uharka eta Barrutia auzoetako autobus geralekuetan egingo ditu egokitzapenak. Proiektuaren helburu nagusia herritarrei zerbitzu hobea eskaintzea da. Hala, eguraldi txarra egiten duenean, esaterako, babesleku bat izango dute erabiltzaileek. Ingurumen-inpaktua murrizte aldera, gainera, markesina horiek egurrezkoak izango dira.
Uharkako bizilagunek markesina daukate dagoeneko, baina geraleku hori funtzionalagoa izan dadin, zenbait aldaketa egingo dituzte. Hortaz, aurrerantzean zerbitzu hobea eskaintzea espero du udalak. Uharkan kenduko duten markesina, bestalde, Eleizalde auzora eramango dutela iragarri dute, bertan ez baitago aterperik.
Barrutian, bestalde, ikastetxeetatik gertu jarriko dute markesina. Leku horretan, geraleku ingurua ere egokitu behar izan du udalak, baina dagoeneko amaitu dituzte lanak. Barrutiako geralekua hobetzeko 40.000 euro inbertitu ditu Arratzuk.
Markesina berriek, Ereño/Gernika, Gernika/Ibarrangelu eta Gernika/Lekeitio lineetako erabiltzaileentzako zerbitzua eskainiko dute.