Espero bezala joan zen guztia Mundakako Erreka auzoan zapatuan. 11:00etan txupina botata, segidan etorri ziren auzoko festak ospatzeko antolatutako gainontzeko ekintzak ere. Egitarauko ekintza danak eginda, balorazio ona egin du beste urte batez Hiruzubi Errekako Auzo Elkarteak.
Txikitxoenek zein nagusiek izan zuten ondo pasatzeko aukera Errekan zapatuan, eta, hri aprobetxatuta, hainbat izan ziren bertaratu ziren herritarrak. Umeentzako jolasak izan zituzten aukeran goizean goizetik, eta eskalada ere praktikatu ahal izan zen. Horrez gain, zuhaitz landaketa ere egin zuten auzotarrek, eta, ostean, bazkaria jateko bildu ziren. Bapo jan ostean, kirolagaz jarraitu zuten eta Zumban aritu ziren.
Barre algarentzako ere tartea izan zuten Mitxel Santamarinaren bakarrizketarekin; bertan lortutako giro ona aprobetxatuta, kalejira egin zuten. Karaokean eta musika kontzertuan jarraitu zuen egun guztian zehar lortutako giro onak.