
Bermeo futbol taldea 3-0 nagusitu da Basconiaren kontra. Norgehiagoka berdinduta hasi arren, bermeotarrak aurkaria baino gehiago izan ziren.
1-0-koa Ispizuak sartu zuen 40. minutuan, eta emaitza horrekin heldu ziren atsedenaldira. Hala, bigarren zatia hasi eta segituan Santamariak sartu zuen etxekoen bigarren gola. 3-0-koa ere Santamariak egin zuen partida amaitzeko minutu bakarra gelditzen zenean.
Asteburuan lortutako hiru puntuak batuta, hamar puntu ditu Bermeok, eta sailkapenean hamabigarrena da.
Gol bakarra, hiru puntu
Halaber, zapatuan Gernikak Amurrioren kontra jokatu zuen, eta 0-1 irabazita hiru puntuak Gernika-Lumora ekarri zituzten. Lehen zatiko 21. minutuan Zarandonak egin zuen partidako gol bakarra. Beste gol bat ere sartu zuen aurrelari gernikarrak, baina, epaileak baliorik gabe utzi zuen. Bestalde, partida amaitzeko bost minuturen faltan bat gutxiagorekin gelditu zen Gernika, Goiriak bigarren txartel horia ikusi baitzuen.
Zapatuko garaipenagaz lortutako hiru puntuei esker, sailakepenean hirugarrena da Gernika, hamasei puntugaz.
Asteburu honetan Gernika eta Bermeoren arteko derbia izango da Urbieta futbol zelaian. Partida domeka arratsaldean jokatuko dute, 17:00etatik aurrera.