
Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center-ek eta Busturiko Madariaga Dorretxeak hainbat jarduera antolatu dituzte mundu mailako hegaztien egunaren harira. Hain zuzen, etzi izango da mundu mailako eguna, baina, aurretik ere hegaztietaz eta naturaz gozatzeko aukera emango dute Busturialdeko bi interpretazio zentroek.
Antolatzaileen ustez, hegaztiek ingurumen kalitatearen indikatzaile paregabeak dira. Hala, animalia horien garrantzia nabarmendu nahi dute, ingurugiro hezkuntzagaz lotutako jarduerak antolatuz.
Urdaibai Bird Center-en kasuan, interesatuek ez dute izena eman behar aldez aurretik. Madariaga Dorretxeko ekintzetan parte hartu nahi dutenek, baina, aurretiaz apuntatu beharko dute, 94-687 04 02 telefono zenbakira deituz, edota
info@torremadariaga.org helbidera idatziz.
Hegaztiekin lotutako jarduerez aparte, zetazeoak, Urdaibaiko padura, eta oreinen marrualdia ezagutzeko irteerak ere antolatu ditu Madariaga Dorretxeak.
Jarduerak Urdaibai Bird Center-en
- Gaur (urriak 3):Gautegiz Arteagako montorre eta Muxikako Urretxindorra eskoletako ikasleek, arrano arrantzaleari buruzko bizipenak trukatuko dituzte bideokonferentzia bidez, Estatu Batuetako, Ingalaterrako, Italiako eta Ganbiako ikasleekin.
- Etzi (urriak 5). 10:00etatik 20:00etara doako bisita autogidatuak. Audio gidak erabiliz egingo dute bisita interesatuek. Goizean zehar, bestalde, hegaztien eraztunketa erakustaldi bat eskainiko dute zentroko langileek.
Jarduerak Madariaga Dorretxean
- Bihar (urriak 4). 09:00etatik 15:00etara, zetazeoak ikusteko irteera. 16:30etik 18:30era, ibilbide gidatua Urdaibaiko paduratik. 20:00etatik 22:00etara, oreinen marrualdia ezagutzeko bisita gidatua
- Etzi (urriak 5). 10:00etatik 14:00etara, irteera gidatua Urdaibaiko artadi kantauriarretik. -12:30etik 13:30era, irteera gidatua Urdaibaiko hegazti migratzaileak ezagutzeko. -16:30etik 18:30era, hegaztiei buruzko tailerrak.