
Ur partzuergoko ordezkariak Legebiltzarrean
Sozialisten babesa izan du EH Bilduk aurkeztu duen legez besteko proposamenak, eta onartu egin du Eusko Legebiltzarrak. 37 izan dira aldeko botoak, eta 36 kontrakoak. Hain zuzen, ur saneamendu sareak falta duen kolektorea amaitzeko finantziazioa eskatu dio koalizio abertzaleak EAJren gobernuari, eta 2004. urtean sinatutako akordioa bete dezala.
Busturialdeko EH Bilduk behin baino gehiagotan gogoratu du 45.000 biztanleri zerbitzua ematen dio Busturialdeko ur saneamendu sareak, eta 2003. urtean sinatutako hitzarmen baten arabera, kolektore horiek egiteko lanak Jaurlaritzaren ardura direla. Espainiak eta ur partzuergoak 2003an hartutako konpromisoak bete dituzte. Espainiak, esaterako, 33 milioi euro bideratu ditu saneamendu sarerako, eta ur partzuergoak hiru milioi euro erabili ditu lurren desjabetzeak ordaintzeko. Busturialdeko Ur Partzuergoko lehendakari Iratxe Arriola pozik agertu da Legebiltzarrak gaur hartu duen erabakiagaz. Hala ere, orain konpromisoak behar direla esan du: “Urkullu lehendakariari exijitu nahi diogu Legebiltzarrak hartu duen erabakia onar eta bete dezala”. Hil honetan egin behar ditu Eusko Jaurlaritzak 2015erako aurrekontuak, “eta horiek amaitzean ikusiko dugu Eusko Alderdi Jeltzaleak Legebiltzarrak eskatutaakoa bete duen ala ez”
2015erako aurrekontuak amaitzen dituztenean jakingo dugu Eusko Alderdi Jeltzaleak Legebiltzarrak eskatutaakoa bete duen ala ez”
Oraindik hiru kolektore falta dira hondakin ur guztiak Lamiarango araztegira bideratu ahal izateko: Muxika eta Gernika-Lumo artekoa, Gernika-Lumo eta Busturia artekoa eta Sukarrieta eta Lamiaran artekoa. Lamiarango araztegia lanean den arren, azpiegitura horrek ezin izango ditu eskualde guztiko ur zikinak tratatu, lotura guneak egitea falta delako.
Eusko Legebiltzarrak EH Bilduren legez besteko proposamena onartu du, baina gaiaren inguruan eztabaida izan da osoko bilkuran. Euzko Abertzaleak taldeak kontrako botoa eman du; besteak beste, Busturialdeko Ur Partzuergoak bideragarritasun planik aurkeztu ez duelako. Talde horretako Joseba Zorrilla legebiltzarkideak azaldu duenez, azpiegituren kudeaketa nola egingo duen azaldu behar du, eta bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa aztertuko duen txostena aurkeztu behar du. “Busturialdeko ur saneamendu sarea lehentasuna da jeltzaleentzako ere, baina beronen kudeaketa bideragarria izan behar da”.
Talde mistoko Natalia Rojo sozialistak erantzun dio Zorrillari. Haren esanetan, Busturialdeko Ur Partzuergoak kudeaketa ona egiteko gai dela erakutsi du, eta bere zorrak kitatu ditu. Zor hori, gainera, partzuergoko zuzendaritza jaltzeleena zenean sortu zela esan du legebiltzarkideak. Rojoren iritziz, lotsagarria da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen biosfera erreserba bakarrean uraren kalitatea den modukoa izatea. “Busturialdeko uraren saneamendua zuentzat ere lehentasuna bada, zergatik dio Oregik aurrekontuetan ez dela diru partidarik izango?”, galdegin die jeltzaleei.