
Sakabanaketarekin amaitzea helburu, herritarren sarea aurkeztu zuten ekainaren 15ean, Donostian. Orain, herrietara zabaltzen ari da Sare, eta hori berori du xede: sarea sortzea, dispertsioarekin amaitzeko lan egingo duen herritarren sarea.
Dinamikoa, indarrak metatuko dituena, aberasgarria eta barneratzailea gura dute Gernika-Lumon sortuko duten sarea. Hala, azaldu dutenez, giza eskubideen defentsan ari diren pertsona denek dute lekua bertan. Beraz, erronka horri heltzeko deia luzatu gura diete gernikar denei. Horretarako, Sare-ren aurkezpena egingo dute bihar. Merkurio iturriaren aurrean batuko dira, 19:00etan.