‘Gaztedi Busturialdea Bekak’ programako gazteek hasi dituzte praktikak
Zazpi gazte dira, hain zuzen ere, Gaztedi Busturialdea Bekak programan parte hartzen dutenak, eta Bermeoko Udaleko Gazte Informazio Zerbitzuak azaldu duenez, eguaztenean hasi zituzten lanekoak ez diren sei hilabeteko praktikak eskualdeko enpresetan.
«Lehen aldiz lan arloan esperientzia eskuratzea» da Gaztedi Busturialdea Beken helburua, hartara, «lan merkatuan errazago sartzea ahalbidetuko dietelarik». Halaber, programako parte hartzaileek tutoretza eta coaching-a ere izango dutela aukeran azaldu du GIZek, «beraien garapenean eta prestakuntzan laguntzeko».
Hain zuzen, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera eskualdeko hainbat udalerritako (Arratzu, Bermeo, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gernika-Lumo, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka eta Sukarrieta) udalek sinatutako hitzarmena da Gaztedi Busturialdea, eta horren bitartez, «besteen konturako enplegua sustatzea» da helburua.
Hain justu, Busturialdeko gazteen artean bultzatu gura dute hori; gauzak horrela, 18 eta 25 urte artekoak dira praktikak hasi dituzten eskualdeko zazpi gazteak.