
Joan den asteburuko San Migel jaien barruan, Busturiko Harri Berri elkarteak idi proba saio ikusgarria antolatu zuen. Hiru idi pare izan ziren lehian, baina guztietan hoberenak Fede Hormaetxe fruiztarraren animaliak izan ziren.
Hormaetxearen idiek, hala ere, ez zuten lan erraza izan, untze bakarreko aldeagatik irabazi baitzieten Iturbe Anaien animaliei. Hain justu, 54 untzeko markagaz irabazi zuen San Migel jaietako idi proba txapelketa Fruizko herritarrak. Hirugarren postuan, bestalde, Duñabeitiaren idi parea sailkatu zen, 43 untze eginda.
Antolatzaileek azaldu dutenez, “emozio handiko” lehia izan zen Altamira auzoan bizitakoa. Hormaetxea azkena izan zen lanari ekiten, eta justu-justu eraman zuen irabazlearen manta etxera. Azken segunduetan egindako untzeak eman zien garaipena bere idiei.
Bildutako herri kirol zaleen artean urdaiazpiko bat ere zozkatu zuten Harri Berriko kideek. Jakinarazi dutenez, zenbaki sariduna 1.850a izan zen. Zenbaki sariduna daukan pertsonak urriaren 5a baino lehago jaso behar du saria. Sariduna agertu ezean, 1.176 zenbakidunari emango diote urdaiazpikoa. Pertsona horrek urriaren 13a arteko epeaizango luke saria jasotzeko.