
Herritarrek olatu-hormarako sarbidea zabalik dute jada
Eusko Jaurlaritzak irailean jakinarazi zuen urriko lehenengo astean amaituko zituztela Bermeoko Frantxuatako arrantzaleen lonjak birgaitzeko abian jarritako obrak; hala ere, oraindik azken ukituak falta direla azaldu dute beharginek. Horregatik, bertako lanak bi astetan bukatzea aurreikusten dutela diote. Olatu-hormako obrak, berriz, garaiz bukatu zituzten, eta dagoeneko bertara sartzea posible dute herritarrek. Bestalde, Jaurlaritzak joan den astean gogoratu zuen, otsaileko denboraleak sarrerako kanalera botatako harrizko blokeak portuaren sarreran bertan suntsitzen ari direla; hori dela eta, arreta berezia jartzeko eta kontuz izateko eskatu die herritarrei ingurutik pasatzean. Hain zuzen, lanen iraupena urri amaierara artekoa izango dela jakinarazi dute; 08:00etatik 20:00etara bitartean.