
Bizkaiko 14 ganadutegi, Nafarroako zazpi eta Gipuzkoako sei batuko dira aurten Gernika-Lumoko Urriko Lehenengo Astelehenean. Domekan helduko dira lehiaketan parte hartuko duten ganadutegiak, eta astelehenean egingo dute sari banaketa. Hain zuzen, 70 abelburu ekarriko dituzte Bizkaiko abeltzainek, 34 gipuzkoarrek eta 20 nafarrek.
Bederatzi sailetan lehiatuko dira 124 abelburuak, eta sail bakoitzeko hiru onenek hartuko dute saria. Bi izango dira Gernika-Lumoko ganadu azokan puntuazioa emango duten epaileak: Iñaki Rueda arabarra eta Pello Legorburu gipuzkoarra. Halaber, aukeraketa egiteko kontrolatzaileen, adituen eta Aberekin inseminazio zentroko teknikari baten laguntza izango dute. Hala, abererik politenak, arrazaren estandarretara gehien hurbiltzen direnak eta funtzionalitate handiena dutenak aukeratu beharko dituzte. Koldo Bilbao lehiaketaren koordinatzaileak azaldu duenez, pirenaika arrazaren morfologia kontuan hartzen da lehiaketan, eta urterik urtera genetika aldetik hobekuntzak nabaritzen dituzte abelburuetan, eta horrek arraza hobetzen laguntzen duela esan du.
Abeltzain ezagunak, eta berriak
Bilbaok dioenez, gero eta gehiago dira Pirenaika arrazaren ustiapena egiten duten abeltzain gazteak. Hala, ganadutegi ezagunen artean, Gernika-Lumoko lehiaketan inoiz parte hartu ez duten bi abeltzain izango dira aurten: Aitor Arana arrasatearra eta Zenotz-Ultzamatik helduko den Pedro Etxeberria.
Abelburuez gain, patea, ogia, euskal pastela, gazta, artisautza produktuak eta beste salduko dituzten 30 postu ipiniko dituzte Santa Ana parkinean. Gainera, labeldun okel pirenaikoa dastatzeko aukera ere izango dute herritarrek. Domekan sei aurrealde erreko dituzte azokan bertan, eta astelehenean txahal-saiheskiaren pintxoak emango dituzte probatzeko.