
Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea kultura desberdien arteko bizikidetza programa lantzen ari da Gernika-Lumoko ikasleekin. Hain zuzen, eskualdeko hamar ikastetxek parte hartzen dute egitasmoan: Gautegiz Arteagako Montorrek, Muxikako Urretxindorrak, Busturiko Jose Maria Uzelaik, Mundakako Herri ikastetxeak, Arratzuko Barrutiak eta Barrutialdek, eta Gernika-Lumoko Mertzedek, San Fidelek, Seber Altubek, eta Lanbide Ekimenetarako Zentroak. Aurten seigarren aldiz jarri dute martxan programa, eta 300 ikasle inguruk parte hartuko dute.
Egitasmoaren helburu nagusiak dira aniztasuna errespetatzeko jarrerak bultzatzea, etorkinei buruzko aurreiritziak modu kritikoan aztertzea, eta kulturen artean sortzen diren gatazkak konpontzeko jarraibideak ematea.
Guzti hori lantzeko, jatorri desberdineko lagunek emango dituzte tailer desberdinak. Bulgaria, Maroko, Argelia, Benin, Guinea, Errumania, Kolonbia, Ekuador, Venezuela, Bolivia eta Peruko herritarrek parte hartuko dute tailerretan.