
Aurrekoetan bezala, aurten ere, Forutik Forura mendi martxan eta lasterketan parte hartu dute hainbat lagunek. Aurten, dena den, kutsu berezia izan du martxak. Jai giroan ospatutako kirol-ekintza baino, oroimenekoa izan delako.
Joan den astean zendutako Raul Medrano izan zuten gogoan domekan. Forutik Forura martxako sustatzaile nagusietako bat zen Medrano, eta, era berean, antolakuntza lanetan urte guztietan parte hartzen zuen bazkide bat ere bazen. Hala, martxa bere oroimenez eta bera gogoan zutela burutu zuten.
Guztira, 389 pertsonek parte hartu zuten domekan: hain zuzen, 293 lagunek martxan, eta gainontzeko 96 pertsonek, berriz, lasterketan.
Domekakoa Urdaibai Kopako azken proba puntuagarria izan zen, eta Gaizka Itza eta Araitz Irazu gailendu ziren. Hala ere, Urdaibai Kopako irabazlea Joanes Goitisolo izan da, eta Ibon Gurtubai eta Eñaut Iturriaga geratu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Nesketan, berriz, Iratxe Muñoz, Agurtzane Argiarro eta Zutoia Odriozola izan dira kopako lehenengo hiru sailkatuak.
Joanes Goitisolo (Urdaibai Kopako eta Euskal Kopako irabazlea) : «Helburu guztiak beteta, hamar puntugaz baloratuko nuke denboraldia»

Entrenamendu gogorrei esker, Urdaibai Kopa irabazi du bigarren urtez Joanes Goitisolo gernikarrak (Gernika, 1992). Halaber, lasterketa baten faltan, Euskal Kopa ere bereganatuta du dagoeneko.
Azken lasterketa eginda, Urdaibai Kopa irabazi duzu, eta lasterketa baten faltan, Euskal Kopako garailea ere bazara. Nola sentitzen zara?
Denboraldia hasi orduko, helburu bi jarri nizkion nire buruari: bata, Euskal Kopa irabaztea zen, eta bestea, Urdaibai kopako lehenengo hiruren artean sailkatzea. Eta helburu biak bete ditut. Niretzat ohore bat da horiek irabaztea; urte osoko entrenamendu eta nekeek bere fruituak eman dituztenaren seinale baita.
Eskualdeko kopa irabaztea, gainera, berezia izango da zuretzako, ezta?
Iaz ere irabazi nuen, baina ez nuen espero; izan ere, iaz askoz gutxiago nenbilen. Azkenean, erregularra izan nintzen eta, horren ondorioz, lortu egin nuen garaipena. Aurten lehiatzera atera naiz, eta azken momentura arte ez nekien zer moduz ariko nintzen. Izan ere, zapatuan, Euskal Kopako lasterketa izan nuen, eta domekan, berriz, Forukoa. Baina ondo atera zitzaidan eta pozik nago.
Iazkoagaz konparatuta, aldaketarik sentitu al duzu?
Uste dut gorputza modalitatera egokitzen hasi zaidala. Urte batzuk, entrenamendu batzuk, kilometro batzuk..beharrezkoak dira kirol batera moldatzeko. Eta entrenamendu gogorrei esker, uste dut lortzen hasi naizela. Gainera, entrenatzerakoan korrikalari onak izan ditut aldamenean, eta horrek ikasten lagundu dit, hobetzen lagundu dit.
Nola hasi zinen lasterketetan lehiatzen?
Duela denboraldi bi Foruko mendi lasterketan parte hartu nuen. 19 urte nituen eta futbola utzi berri nuen. Forman mantentzeko korrikan hasi nintzen eta gustatzen hasi zitzaidan. Orduan, Foruko lasterketan parte hartu nuen. Ondo atera zitzaidan, eta, geroztik, ahal dudana egiten dut.
Nola baloratuko zenuke aurtongo denboraldia?
Hamar puntugaz baloratuko nuke aurtengo denboraldia; jarritako helburu guztiak bete ditut-eta. Euskal Kopan, gainera, denboraldia amaitu orduko jakin izan da nor den irabazlea. Beraz, denboraldi itzela izan da aurtengoa.
Irabaztea nahiko zenukeen lasterketarik ba al dago?
Lasterketak ez dira hemen bukatzen, eta beti dago bat edo besteren bat. Datorren astean, esaterako, Ereñoko San Migelera igoera egingo da, eta badakit ezinezkoa izango dudala irabaztea, ni baino hobeto dabiltzan bi korrikalari daude eta. Hala ere, horiekin lehian aritzea gustatuko litzaidake. Azaro aldean ere, beste hainbat lasterketa izango dira, eta horiek ondo egitea gustatuko litzaidake, eta, era berean, horiekin gozatzea.
Zeintzuk dira Joanes Goitisoloren ahuleziak?
Igoeretan, esaterako, ez naiz oso ondo defendatzen.Oraindik asko entrenatu beharra dut.
Eta abileziak?
Jaitsieretan nahiko ondo moldatzen naiz. Taldeekideek diote ni oraindik gaztea naizela eta beldurrik ez dudala; horretan, alde ditut jaitsierak.
Lasterketa aurreko ohiturarik ba al duzu?
Ohitura ugari ditut, eta, askotan, gainera, ez egin izanagatik ere damutu izan naiz. Adibidez, lasterketa aurreko momentuan musika entzutea gustatzen zait, motibatzeko dela edo kontzentratzeko dela. Bestalde, lasterketa egunetan, arroz esnea gosaltzea gustatzen zait.
Lasterketan zehar, bestalde, zerk laguntzen zaitu?
Egia esan, ez naiz inoiz jarri pentsatzen lasterketan pentsatu izan dudanaz. Momentuan pentsatzen dudana izaten da normalean, konturatu gabe pentstzen dudan hori. Ezer berezirik ez da izaten.
Datorren urtean ere, lehiatzen jarraituko duzu. Zerbait hobetu beharko duzu?
Aipatutako igoera horiek dira hobetu behar ditudanak. Oraindik, gainera, hasi berria naiz, eta apurka-apurka hankak korritzera ohitu behar dira eta erresistentzia ere irabaiz behar dut. Hobetzen joatea da helburua, eta, era berean, gozatzen jarraitzea; entrenamendu eta lasterketetan gozatzen ez bada, ez dagoelako zer eginik.