Ahotsak proiektuan parte hartzeko deia luzatu die Sukarrietako Udalak herritarrei
Sukarrietako Udalak Ahotsak proiektuari erakutsitako babesa berretsi du oraingoan ere. Herriko ahozko ondarea bildu eta zabaltzeko asmoz sortutako proiektua da Ahotsak. Horretarako, herritarren testigantzak jasotzen dituzte, eta, hartara, herriko ahozko artxiboa sortzen dute, herriko hizkera hurrengo belaunaldiei transmititzea erraztuz. Azken finean, «herriko kultura, historia, etnografia eta hizkerak batu, kontserbatu eta hedatzeko aurrerapauso bat ematea da egitasmoaren helburua».
Horretarako, 80 urtetik gorako herritarrei egiten dabiltzan elkarrizketak dituzte oinarri; horiek baitira, herriko bizimodua eta ohituren gaineko testigantzak eman ahal dituztenak. Bildutako informazio guztiak Euskal Herriko XX. mendeko bizimodu tradizionala gordetzen duen datu-base digitala sortzeko balio die. Horrela, bildutako hori guztia katalogatu eta herritarren zein ikerlarien esku jarriz www.ahotsak.com webgunean.
Beste hainbat herrritan bezala, Sukarrietan ere, martxan jarri zuten Ahotsak proiektua. Hain zuzen, 2012. urtean sinatu zuten Sukarrietako Udalak eta Badihardugu Elkarteak herriko ahozko ondarea biltzeko hitzarmena. Horrela, Sukarrietako ahozko artxiboa antolatuta izatea ziurtatu dute.
Hala, datozen belaunaldiek eskuragarri izan dezaten, herritarren kolaborazioa «ezinbestekoa» dela adierazi du Sukarrietako Udalak. Hori horrela, etxean dituzten zintak eta grabazioak egitasmora bidera ditzaten eskatu die udalak herritarrei.
Era berean, orain arteko lanean parte hartutako herritarrak eskertu nahi izan ditu, eta, horregatik, nork bere elkarrizketaren DVD kopia bat jasoko duela jakitera eman du udalak. Bestalde, gogorarazi du abuztuan egin zuten lanaren aurkezpena www.ahotsak.com/sukarrieta webgunean dagoela ikusgai.