
Bizkaia Gernikak maila ederra eman zuen joan den asteburuan, baina, azkenean garaipenak ihes egin zuen Urbietatik. Santboiana (Herriale Katalanak) lidertza defendatzeko asmoz etorri zen Gernika-Lumora, baina basurdeek estu hartu zituzten katalandarrak. Hala, partida irabazteko zorian ere izan ziren bertokoak azken minutura arte. Azkenean, zutoin artera egindako jaurtiketa bati esker lortu zuten garaipena Santboianakoek. Hain justu, 24-26 nagusitu ziren. Bizkaia Gernikak, baina, ez zuen esku hutsik amaitu partida, erasoko eta defentsako bonusak lortu baitzituen.
Partida ez zen ondo hasi bertokoentzat. Santboiana erasokor zelairatu zen, hirugarren minuturako markagailuan aurretik jarriz. Lehen zatian majo sufritu zuten basurdeek. Katalandarrak 0-13 aurreratu ziren lehen 20 minutuetan, eta lehen zatia 7-20ko emaitzagaz amaitu zen. Gernikarren entsegu bakarra Oscar Astarloak egin zuen.

Bigarren zatian Bizkaia Gernikak joko hobea egin zuen. Katalandarrek bi txartel hori jaso zituzten, eta basurdeek ez zuten markagailuan hurbiltzeko aukera galdu. 53. minuturako bertokoak 19-20 hurbildu ziren, baina Santboianak zutoin artera egindako jaurtiketa batek berriro zabaldu zuen aldea.
Gernikarrek ez zuten etsi, eta 74. minutuan aurretik jarri ziren, Aftek egindako entsegu bati esker. Markagailuak 24-23koa islatzen zuen, eta sei minutu falta ziren amaierarako. Partidako azken minutuan, hala ere, basurdeak garaipen barik geratu ziren.
Euskal talderik hoberena
Hiru partida jokatuta, Bizkaia Gernika zazpigarren sailkatua da, zazpi puntugaz. Hain zuzen, euskal talde hoberena da Gernika-Lumokoa liga hasieran.