
Sei jardunaldi bakarrik jokatu dituzte Hirugarren Mailako futbol taldeak, baina Gernika play-off postuetan sartu da dagoeneko. Hain zuzen, joan den asteburuan Gasteizko Aurrerari 0-2 nagusitu ostean sartu dira ligako lau talde hobereen artean bertokoak. Momentuz, gernikarrak hirugarren sailkatuak dira, baina play-offetako borrokan sartuta dabiltzan taldeen artean aldea txikia da. Hala, bertoko taldeak lanean jarraitu beharko du, liga lehen lau sailkatuen artean amaitzeko helburua betetze aldera.
Bermeok, bestalde, berdindu egin zuen joan den asteburuak. Hain zuzen, 0-0 amaitu zen Santurtziren kontrako norgehiagoka. Kostaldekoek partida ona egin zuten ligako bigarren sailkatuaren aurrean atea hutsean mantenduz. Sei puntu eskuratuta, Bermeo hamabigarren sailkatua da.