
Gaur egun, asfaltazko errepideek edonora eraman zaitzakete; mendi puntara edota kostalde ondora. XIX. mendaren amaieran, baina, egoera guztiz desberdina zen. Autoentzako errepide gutxi zegoen, eta trena izan ohi zen aukera bakarrenetakoa herri batetik bestera mugitzeko.
Gernika-Lumora, esate baterako, 1888an heldu zen trena, bertoko herria eta Bilbo lotuz. Tren xume horren sustatzaileek garraio azpiegitura Bermeoraino heltzea nahi zuten, garaiko arrantza portu garrantzitsuenetako bat baitzen.
Orografia malkartsuaren eraginez, baina, Bermeorainoko trenbidea eraikitzea oso garestia zen. Hala, hasiera batean, Gernika-Lumo eta Sukarrieta lotu zituen tren berriak. Hain zuzen, 1893. urtean zabaldu zuten tren linea hori.
Bermeok garraio zerbitzua behar zuela eta, dena den, 1985ean Euskal Herriaren historiako tranbia ezezagunenetako bat jarri zuen martxan Victor Arana y Belaustegi gernikarrak. Arana Zornotza eta Sukarrieta arteko trenaren bultzatzaileetako bat zen, Pedro Pascual de Gandariasegaz eta Jeronimo de Albizurigaz batera.
Aranak mandoek tiratutako tranbia jartzeko baimena eskatu zion Bizkaiko Foru Aldundiari, eta lurraldeko erakundeak onartu egin zuen. Hala, 1896ko abuztuaren 14an proiektua aurkeztu zuten publikoki, eta irailaren 1ean tranbia inauguratu zuten.
Garai hartako El Nervion egunkariak albistearen berri eman zuen, Bilbo eta Bermeo arteko lotura hori nabarmenduz. Albisteak dioenez, Bermeo eta Mundakako herritarrak pozarren zeuden garraio azpiegitura berriagaz.
Tranbia xumea
Sukarrieta eta Bermeo arteko tranbiak 5,5 kilometroko luzeera zeukan. Orokorrean bidaiarientzako hiruna bidaia egiten zituen tranbiak norabide bakoitzean. Hala ere, merkantzia garraio bereziak ere egiten zituen enpresak. Batez ere, Bermeoko kontserbak eta arraina garraiatzen zituzten beharginek. Garaiko kronikek kontatzen dutenez, hasiera batean ordu bete irauten zuen tranbia bidaiak. Ibilgailu mekanikoen loraldian, baina, erritmoa azkartu zuen tranbiak, bidaiak ordu erdi iraunez.
Bertokoa tranbia xumea zen, baina hainbat bidaiarik erabili ohi zuten. Hain zuzen, 1911n 39.919 bidaiari eta 3.137 tona merkantzia garraiatu zituzten tranbia linea horretan. Bidaiarien beherakada zela eta, 1917an tranbia ibilgailu mekanikoengatik aldatzea eskatu zuten azpiegituraren bultzatzaileek. Azken urte horretan, 7.064 bidaiari eta 100 tona merkantzia garraiatu zituen tranbiak, azpiegitura bereziaren amaiera ekarriz.
Proiektuaren sustatzaileek bidaiarientzako sei tranbia eta merkantzientzako hiru tranbia erosi zituzten. Hasiera batean, beste alde batetik, hamabi mando erabili zituzten, baina 1911. urtean, gutxienez, hamasei mando erabili zituen enpresak. Bermeon zein Sukarrietan haiek gordetzeko kortak jarri behar izan zituzten.