
Espresinoak, keinuak… Begiradak, irribarreak… Aurpegiak. Hainbat koadrok osatzen dute Gernika-Lumoko Kultur Etxearen erakusketa gelak hartu duen erakusketak. Soiartze Alday artista orozkoarraren obra da, eta urriaren 3ra bitartean izango da ikusgai.
Margolanak dira erakusketa osatzen dutenak: Aurpegiko keinuetatik keinu piktorikoetara. Umeak, gazteak, helduak, zaharrak… Neska zein mutil, gizon zein emakume… Keinuak dira Orozkokoak kultur etxeko hormetatik zintzilik ipini dituenak. Koloreekin jolastu du artista gazteak bere obra egiteko. Argiak eta ilunak, koloreen arteko kontrastea nabaria da aurpegi bakoitzean… Eta koloreen eta argien ‘anabasa’ horretan sortzen dira koadroko protagonistek adierazten dituzten sentimenduak: poztasuna, kezka, indiferentzia… Barrezka, serio edo pentsakor ageri dira erretrato horietako pertsonaiak; beti ere, errealismo puntua galdu barik.