URA-k erabiltzen ez zen presa bat kendu du Ea ibaitik
Presa txikia zen, 80 zentimetro inguruko altuerakoa, eta herrigunera sartu aurretik, ibaian gora 600 bat metrotara kokatuta zegoen.
Uraren Euskal Agentziak Ea errekaren ibilguko faunarentzako jarraitutasuna berreskuratzeko kendu du. Izan ere, eraitsitako presak ibai ertzaren higadura areagotzen zuen. Eta, halaber, errekaren ibilguan dagoen uretako faunak bertatik pasatzea oztopatzen zuen.
Presa kentzeaz gain, ingurua ere garbitu dute, han pilatutako sedimenduak kenduz. Bost egun behar izan dituzte lanak behar bezala egiteko, eta 10. 000 euroko inbertitu dituzte. URA-ko ordezkariek esan dutenez, proiektuak Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren finantziazioa jaso dezake.
Ean egindako lanak URA-k martxan duen Ibaien Mantentzearen eta Berreskuratzearen zerbitzuaren parte dira. Hain zuzen ere, zerbitzu horrek ibaien ibilguetan eta ertzeetan tamaina txiki edo ertaineko lanak egiten ditu. Helburua horietan landarediaren egoera hobetzea da, ibaietako ekosistemak egoera ekologiko onean egoteko ezinbestekoa delako landarediaren egoera ona bermatzea. Eta beste helburua herriguneak zeharkatzen dituzten ibaien ibilguen ur-hustuketarako ahalmena bermatzea da, horrela tarte horietan ur laminaren hazkundea ekiditeko.