
Umeak Bakearen Museoko tailer baten parte hartzen
Domeka (irailak 21) Nazioarteko Bakearen Eguna da, eta Gernika-Lumoko Bakearen Museoak zenbait ekintza antolatu ditu, egun berezi hori gogoratzeko helburuagaz.
Domekan bertan, esaterako, museorako sarrera doakoa izango da, eta bisita gidatuetan edota tailerretan parte hartzeko aukera izango dute bertoko herritarrek. Museoko beharginek jakinarazi dutenez, 10:00etatik 14:00etara zabalduko dute eraikina.
Hilaren 26an, bestalde, Bakearen Museoak Asier eta Biok dokumentala emango du, Zine-Kluba elkarteak lagunduta. Hain zuzen, Lizeo Antzokian proiektatuko dute dokumentala, 20.30etik aurrera. Kasu horretan ere, sarrera doakoa izango da.
Asier eta Biok dokumentala etakide baten eta haren lagun baten istorioa kontatzen duen hausnarketa lan bat da. Euskal gatazka adiskidetasunaren ikuspegitik kontatzen du, betiko gai korapilatsuei ikuspegi berritzailea emanez.