
Aurten ere Hirugarren mailako talde onenen artean egoteko asmoz ekin dio 2014-2015 denboraldiari Gernikak. “Gure helburua sailkapenean ahalik eta goren egotea da, eta Play Off-a jokatzen ahalegintzea”, esan du Javi Luaces Gernika futbol taldeko entrenatzaileak.
Klubak ez die anbizio handiko helburu hori ipini, baina, jokalariak, kapitainak eta batez ere talde teknikoa Play Off-a jokatzeko aukera izan dezaketela sinetsita daude. “Badakigu zaila dela, iaz atarian geratu ginen, baina, horretan ahaleginduko gara”, zehaztu du Luacesek.
Helburu hori lortzeko zereginean fin dabiltza jokalariak, partiduz partidu ahalik eta puntu gehien biltzeko lanean.
Momentuz lau jardunaldi jokatu dituzte, eta zazpi punturekin zazpigarrena da sailkapenean.
Denboraldiko lehen norgehiagoka etxean 0-0 berdindu zuten Alavesen kontra. Bigarren partida, berriz, 1-0 galdu zuen Portugaleteren kontra. Eta azken bi partidak irabazi egin dituzte. Lagun Onak-i etxean 3-1 irabazi zion, eta aurreko domekan 0-1 nagusitu ziren Santutxuren kontra.
Entrenatzaileak esan duenez, taldeak potentzial onaren sentsasioa dauka, eta ondo daki zer egin behar duen. “Hasi baino ez gara egin, eta taldea gauzak ondo egiten ari da, eta hortaz, lasai gaude”, azaldu du Gernika futbol taldeko entrenatzaileak.
Uztailaren 21ean hasita, bost asteko denboraldiaurrea egin zuten. Gogor prestatu dute denboraldia, izan ere, astean sei egunez entrenatzen zuten, astelehenetik zapatura.
Pilak ondo kargatu dituzte, lan fisiko ona eginez denboraldi hasierara ahalik eta baldintza onenetan heltzeko. Batez ere oinarrizko lana ondo egiten ibili dira, arazorik ez izateko eta fisikoki ahalik eta denbora gehien ondo egoteko.
Zelaiaren egoera
Denboraldiaurrean sei partidu jokatu dituzte, horietatik lau irabazi, eta bana galdu eta berdindu dute. “Pena da gure maila baino goragoko taldeen kontra jokatu ez izana; hirugarren mailako taldeen kontra jokatu dugu”. Luacesen berbetan, denboraldiaurrea ez da izan hark gurako lukeen bezain zorrotza. “Talde indartsuagoen kontra neurtzea gura nuen, baina, ezinezkoa izan da”.
Izan ere, Luacesek dioenez, euren futbol zelaia ez dago egoera onean eta talde askok gurago dute bertan ez jokatu. Futbol zelaiaren egoerak asko kezkatzen du entrenatzailea, eta baita kluba ere. “Gogor dago, zahartuta eta oso gastatuta. Horregatik, espero dugu Udalak ahal bezain laster konpontzea”.
Diru aldetik badakite ez dela momenturik onena, baina zelaia berritu behar dela azpimarratzen du taldeko entrenatzaileak: “Eguraldi onagaz zelaia oso txarto dago, beroagaz sikatu egiten da, eta ezin da behetik ondo jokatu. Gure jokoa asko mugatzen du”. Horregatik lehenbailehen konpontzea espero dute. “Zenbat eta arinago konpondu hobe izango da guretzat; horrela gure jokoa etxean hobea izango da, aduktoreetako arazo gutxiago izango ditugu eta entrenamenduak intentsitate handiarekin egin ahalko ditugu”. Gainera, dioenez, haientzat bakarrik ez; zelaia erabiltzen duten talde guztientzat izango da onuragarria.
Harrobiko jokalaria
Jokalari gazteez osaturiko taldea da, eta gernikarrak dira gehienak. “Poztekoa da herriko jokalari asko egotea, eta gainera Hirugarren mailan ondo lehiatzen gabiltza, maila oso onean, eta harrobiko jokalari askorekin. Talde lehiakorra da, eta batez ere herriko jokalari on asko ditugu”.
Harrobiko jokalarien maila nabarmendu du entrenatzaileak. Gernikan oso jokalari onak irteten direla esan du, eta oso talde onak egin daitezkeela. “Jendea ekartzeko arazoak ditugu, baina, hemen ere baditugu jokalari oso onak. Azkenean askotan dirua ez da dena”, zehaztu du.
Hogeita hiru jokalaritik hamazazpi gernikarrak dira. Denboraldi honetarako lau fitxaketa egin dituzte, horietatik hiru gernikarrak dira, Imanol Etxabe, Jon Altamira eta Igor Salutregi–aurretik taldean jokatutakoak–, Mikel Arrizabalaga, eta Mikel Zarrabeitia utzita etorri da Amorebieta taldetik.
Aurrekontua asko murriztu zaie azken denboraldietan, baina, fitxaketa handirik egin gabe ere lehiatzeko gai den taldea dutela erakutsi dute. “Aurrekontua nahiko murriztu da; iaz asko murriztu zen, eta aurten oraindik gehiago. Hala ere, uste dugu talde oso-oso lehiakorra dugula”, azaldu du entrenatzaileak.
Jokalariengan konfiantza osoa du Luacesek eta aurten ere lan polita egingo dutela argi dauka: “Aurten taldea gehiago orekatzen saiatu gara. Genituen gabezietaz jakitun, taldea sendotzen ahalegindu gara. Uste dugu zelaia aldatuz gero, eta iaz bezala bigarren bueltan hainbeste lesionatu ez baditugu Play Off-a jokatzeko borrokan egon gintezkeela”.