
Argazkilaria: Björn Gunnlaugsson
Julen Urdaibaik argi du: lasterketan, norbere burua da aurkaririk nagusiena. Korritzean, ez dago misteriorik, ez dago trikimailurik. Justiziak badu bere txokoa. Zoriak ere, zoritxarrez edo zorionez, jokatzen du bere papera. Hobe, hala ere, zortearen esku dena uzten ez bada.
«Ni baino hobea bazara, aurretik izango zara; betiere, ezer berezirik gertatzen ez bada»; hala uste du Bermeoko atletak. Irabazlea onena izan ohi da; dena den, garaipenak ez du garrantzi handirik Urdaibairen bizimoduan. Aurkaria nor den identifikatzeko unean bezala, helburua zehazterakoan ere argi du: lasterketa bata zein bestea bukatzea du xede.
Lehenengo lasterketan asmo horrekin egin zuen ihes Saharara. 2008. urtea zen eta Marathon des Sables amaitzea zuen jomuga. Espero bezala, hala egin zuen. Horren atzetik etorri ziren gainontzeko lasterketa denak: Transalpine Run (2009, Alpeak), Jungle Marathon (2011, Amazonia), Antartic Ice Marathon (2012, Antartika), G2G Ultra (2013, Arizona) eta Fire&Ice Ultra (2014, Islandia). Guztira, sei lasterketa; guztira, sei helburu gaindituta. Eta hori momentu onetako indarra kontrolatuz eta egoera zailagoetako kemen falta orekatuz egiten omen da. Sailkapenean lehenengo postua eskuratu ez arren, pozik izaten da bermeotarra, eta pozik jarraituko du urtean tankera horretako lasterketa bana egiteko aukera badu, behintzat.
Motxila soinean 7 egunetan
Azken lasterketa joan den hilabetean egin zuen, Islandian. Bigarren postua eskuratu zuen, Mohamed Ahansalen atzetik. Lehenengo egunean, 250 kilometro zituen aurretik, 7 egunetan eta 6 etapatan burutu beharrekoak. Hala egin zituen, bere motxila bizkarretik kendu barik, ezinbestekoa baita lasterketarako beharrezko gauzak soinean eramatea; guztia, ura izan ezik –antolatzaileek ematen baitute anoa postuetan–.
Hala, 7 egunetako janaria, arropa, materiala, zerria… izan zituen bidelagun bermeotarrak lasterketan. Horien guztien eta beste hainbaten araberakoa izan ohi da lasterketako arrakasta edo porrota. Ondo aukeratu behar izaten da motxilan sartu beharrekoa, baina, horrez gain, osasun arazorik ez izateak ere asko laguntzen du helmugarako bidean. Horri, zorte ona ere gehitu behar izaten zaio.
Lehenengo etapan finkatu zen bigarren, eta ordutik lasterketa osoan postu berean mantendu zen. Bosgarren etapa egin zitzaion gogorren kilometro kopuruari dagokionez –72 km–; lur-eremua erreparatuz, aldiz, hirugarrena: harritsua.
Lasterketak errepikatzea baino, nahiago izaten du leku ezberdinetan bere burua frogan jartzea Urdaibaik; hala ere, noizbait baten batera bueltatzekotan, Amazoniako oihanera izango litzatekeela aitortu du.
Horregatik, eta gozatzen jarraitu gura duelako, beste zenbait lasterketa egiteko grina nabaritzen zaio. Himalaya, Australia, Alaska… dira, esaterako, bisitatu nahiko lituzkeenak bertako inguruetan barrena murgiltzeko. Horretarako, baina, baliabideak behar ditu, dirua behar du, babesleak behar ditu. Izan ere, lasterketa «garestiak» dira Urdaibaik egiten dituenak.
4.000 eta 5.000 euro inguru xahutu behar izaten ditu lasterketa bakoitzeko. Orain arte, babesleengandik jaso du diru hori; aurten, baina, bera izan da gastu guztien ordaintzaile, zail xamar izan baitu babesleak aurkitzea. Eta horrek gogogabetu egin du Bermeoko atleta. Datorren urtean lasterketa bat egin nahi badu, behintzat, ate joka hasi beharko duela badaki; horretarako datarik, dena den, ez du zehaztu. Bitartean, atsedena. Atseden psikologikoa; dioenez, horren beharrizana izaten baitute.
Urteko osoko lana
Urte osoan entrenatzen aritzen da, gerora, astebeteko lasterketa hasi eta amaitu ahal izateko. Eta horrek konpentsatu egiten dio Urdaibairi; gakoa entrenamenduekin gozatzean dagoela aitortu du. Gustura egiten ditu entrenamenduak, sufritu barik. Horregatik, lasterketak opari legez hartzen ditu.
Nork bere motibazioak bilatzen ditu, eta entrenatzerakoan ere, gauza bera gertatzen omen da. Batzuetan musikak laguntzen du, besteetan familiagaz orioitzeak, eta beste askotan, berriz, garrantziarik gabeko gauzetan pentsatze hutsak. Sarri askotan, ordea, korrika egiteko «pilotu automatikoa» jarrita, nahikoa izaten da. Hala igarotzen dira orduak kilometroetan.
Eta ordu eta kilometro horiek igaro ahal izateko, entrenatzeari ekingo dio aurki Bermeokoak. Horregaz batera, babesle bila ere hasiko da, ea datorren urtean ere, tankera horretako lasterketa luzerik egiterik duen.