
‘Eskozia, beti garaile’ dokumentalerako lanean/Filmak Media
Gaur dute eskoziarrek beraien etorkizuna erabakitzeko eguna. Erreferendumean, independenteak izan gura duten ala ez erabakiko dute. Aurreko asteetako giroa bildu dute Filmak Media produktorako kide Oier Plazak, Dani Asuak eta Fermin Aiok. Baleukorekin elkarlanean egindako lana (
Eskozia, Beti garaile) gaur ikusiko da, 21.30ean, ETB1en.
Astebetean inpresio asko hartu dituela dio Oier Plaza gernikarrak. Zertzelada batean, baina, inbidia puntu bat duela dio. Konparazioak ez ditu gustuko, baina autodeterminazio eskubidea tartean dagoen antzerako kasuekin alderatuta, Eskozian bi aldeek eskubide hori onartzen dutela ikusteak eman dio inbidia. «Haien artean eztabaida sanoak ematen dira. Prozesua bera, maila batean, Euskal Herrian bizi izan duguna baino instituzionalagoa dela esango nuke, eta agian hori ez dut oso gustuko; baina, orokorrean, inbidia puntu hori sentitu izan dut».
Etorkizuna argi dute, bai baiezkoaren aldekoek zein ezezkoaren aldekoek. Batzuek zein besteek, emaitza errespetatu egingo dutelaren zalantzarik ez du Plazak. Eta autodeterminazioaren aldeko zein kontrako arrazoiak ere argiak direla aipatu du: «Baiezkoaren alde daudenek nahi dutena da erabakiak Eskoziak berak hartzea. Westminsterren duten ordezkaritza ez da nahikoa, beraien iritziz; eta Londresek bultzatzen dituen politikak ez datoz bat beraiek nahi dituzten politikekin».

‘Eskozia, beti garaile’ dokumentalerako lanean/Filmak Media
Politika neoliberalak dira Londresek egiten dituenak, eta Eskozian kontzientzia sozialagoa dute; zerbitzu publikoak mantentzearen aldekoak dira, esaterako. «Hori da, gehienbat, Eskozian independentismoa bultzatu duena. Ez da identitate kontua, arrazoiak ez dira horrenbeste kulturalak edo historikoak; baizik eta, burujabe izan nahi dutela beraien herria gobernatzeko». Beraz, autodeterminazioa lortzeko eskoziarrek dituzten arrazoiak pragmatikoagoak direla uste du Plazak.
Beldur ekonomikoa
Gaurko galdeketan ezezkoa emango dutenak ere badira Eskozian, eta, batez ere, burujabetzak arlo ekonomikoan ekar zezakeen arriskua da beraien beldurrik handiena. Nazio txikia da, eta Erresuma Batuaren parte izateak Eskoziari abantaila batzuk ematen dizkiola uste dute. «Autodeterminazioa lortuz gero, administrazioak berak behar duen dirua lortzeko gai izango den zalantzak dituzte». Era berean, enpresa handiek Eskoziatik alde egitearen arriskua ere aipatzen dute. «Herrialde oso aberatsa da; batez ere petroleoagatik. Erresuma Batuan petroleo asko dago, eta %90 Eskoziak dauka; 450.000 lanpostu sortzen ditu sektore horrek Erresuma Batuan. Eskozia independentea balitz, %90 hori eskoziarrena litzatekeela».
Hurrengo eguna, prest
SNPren (Scottish National Party) eskakizun historikoa izan da erreferenduma egitearena, eta independentziaren aldeko prozesua azkartu egin da 2011ko maiatzean SPNk gehiengo osoa lortu zuenetik. Era berean, laboristek Westminsterren politika neoliberalak bultzatu izanak ere zerikusia izan du, Plazaren iritziz. «Eskoziako laboristen %40 batek baiezkoaren aldeko botoa emango du; batez ere, Londresen politika batzuk egiten direlako eta Eskozian SNPk beste batzuk egin dituelako». Azken asteetan ere Londresek gauza asko agindu ditu, «batez ere, inkestetan baiezkoak gora egin duelako». Baina jendeak ez du sinisten.

‘Eskozia, beti garaile’ dokumentalerako lanean/Filmak Media
Ezezkoak irabaziz gero, Londresek Eskoziako Parlamentuari eskuduntza gehiago emango lizkiokeela agindu du. Eta baiezkoa ateraz gero, biharko zereginak ere zehaztuta dituzte eskoziarrek: «Lantalde bat Westminsterrekin negoziatzen hasiko litzateke; eta beste bat sortuko lukete ezezkoaren aldekoekin batera, herrialdea denen artean eraikitzeko».