
Gaur goizean aurkeztu du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburuak Matxitxako lurmuturreko itsasargiko zetazeoen eta itsas hegaztien behatoki berria. Inolako babesleku gabe itsasargi zaharretik behatzen eta ikertzen zituzten orain arte herritar, aditu zein ikerlariek Urdaibaiko zetazeo eta itsas hegaztiak; aurrerantzean ere, horretarako aukera izango dute, baina, oraingoan, gordeleku eta babeslekupean.
Hala, bertatik, 47 itsas hegazti eta 10 zetazeo mota ikus daitezkeela azaldu du Oregik. Horrez gain, biodibertsitateaz gozatzeko aukera ere izango dute Matxitxakora bertaratzen direnek; zabaldu berri duten behatoki hori Europako Natura 2000 sarean kokatutako eremua batean baitago, eta, horrenbestez, Kontserbatzeko Eremu Berezi ugari dituelako gertu.
Itsasargiaren behealdean, behatokia
Hain zuzen, behaketarako gune hori itsasargiaren behealdeari atxikitako eraikinean dago, Bizkaiko golkora begira, eta itsasargiaren iparraldea inguratzen duen galeria bat da. Jaurlaritzak azaldu legez, «lau atari ditu, eta horien gainean dago bisitariak eta behatzaileak estalpean egoteko jarritako lauza». Galeria horren erdian dago, bestalde, altzairuz egindako gordeleku babestua, 20 m2koa. Jon Azua Urdaibaiko ingurugiro teknikariak aurkezpenean azaldu bezala, «eraikin trinko eta sendoa» sortu dute Matxitxakon izaten den haize bortitzari aurre egiteko.
Gordeleku hori egiteaz gain, beste hainbat lan ere egin dituztela azaldu dute; hala nola, «itsasargiaren ingurunea eta zoladura egokitu, tximistorratza egokitu, esparrua mugatzen zuen harlanduzko hormatxoa konpondu eta oinezkoak inguruan ibiltzeko bideak egokitu». Halaber, sirena-dorrea margotu, itsasargiaren kanpoko hormak garbitu eta Lurgorriko aparkalekutik behatokirainoko bidezidorra egokitu dituztela aipatu du Jaurlaritzak.
150.000 euroko kostua
Hori guztia eskaintzeko, 150.000 euroko inbertsioa eta hamar hilabeteko lana egin behar izan du Eusko Jaurlaritzak.
Behin eraikina eginda, orain, ekipamendurako eta ingururako sarbidea bermatzea eta baita horien mantentze-lanak sustatzea dute xede; horretarako, hitzarmen bat sinatu dute Eusko Jaurlaritzaren, Portu Zuzendaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bermeoko Udalaren artean.