Berba Truke programan hilaren 30a arte apuntatu daiteke
Datorren hilabetean urtebete egingo ditu Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Berba Truke programak. Udako atseden hartu ostean, urrian jarraituko dute egitasmoarekin, eta programan partehartzeko prest dauden bizilagunak behar dituzte. Hilaren 30a aurretik eman behar da izena. Horretarako, Mankomunitateko Inmigrazio zerbitzutik pasatu (Industria kalea, 7 Gernika-Lumo) edo ondorengo telefonora deitu behar da: 944 653 323.
Berba Truke Busturialdeko jatorri desberdinetako biztanleen arteko bizikidetza eta elkar ezagutzea sustatzea helburu duen ekimena da. «Iaz hasi ginen eta laugarren edizioa da honakoa», zehaztu du Begoña Agirre Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Inmigrazio teknikariak.
Partehartzaileak bikoteka elkartu eta euskaraz eta gaztelaniaz berba egiten dute. Horrela, atzerritarrak bi hizkuntzetan trebatzeaz gain, elkar ezagutzen dute. Partaideak astero biltzen dira. «Hiru hilabetero berritzen ditugu bikoteak. Konpromisoa bakoitzak hamar ordu egitea da, ordu bete astean», azaldu du Agirrek. Batzuk hiru hilabeterako konpromisoa hartzen dute bakarrik, baina, badira esperientzia errepikatzen duten bikoteak ere.
Adin tarte guztietako bikoteak izan dituzte orain arte, 20 urtetik hasi eta 70 urte bitartean. Hala ere, hizkuntzak ikasteko izena ematen duten kanpotarrei dagokienez, gehienak 20 eta 40 urte bitarteko ikasleak dira. Jatorriari dagokionez, gehienak errumaniarrak eta afrikarrak izan dira.
Egitasmoa frogatzeko iazko urritik abendura arte programa pilotua egin zuten, eta dozena bat bikote apuntatu ziren. Horietatik, lau euskaraz berba egitekoak, eta zortzi gaztelania lantzekoak. Orduan, lau errumaniar, hiru senegaldar, bina moldaviar eta perutar eta Ghanatar bana animatu ziren programan parte hartzera.
Aurtengo otsailetik apirilera, aurreko sei bikotek errepikatu zuten, eta zazpi bikote berri izan zituzten. Orduan, Senegalgo, Marruecosko, Ghanako, Camerungo, Errusiako eta Moldaviako herritarrek parte hartu zuten. Halaber, apiriletik ekainera artean sei bikote berri eta aurreko bi osatu zituzten. Orduan zazpi senegaldar animatu ziren. Euskaraz egiteko hiru bikote egin zituzten, eta gaztelaniaz aritzeko bost bikote.