
Atzo Kaikuk irabazi zuen Kontxako sailkatze estropada, hemeretzi minutu, 38 segundu eta 90 ehuneneko denbora eginda. Bermeoko traineruak, berriz, segundu bat eta 38 ehunen gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko. Beste faborito biak, Hondarribia eta Orio, hirugarren eta laugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren. Hondarribiari zortzi segundu eta 98 ehunen atera zizkion Kaikuk. Bestalde, oriotarrak, lehenenegoarengandik hamar segundu eta 86 ehunenetara heldu ziren helmugara.
24 traineru lehiatu ziren atzoko sailkatze estropadan, baina, zazpi txartel bakarrik zeuden jokoan. Izan ere, Donostiarra bertako trainerua denez ez du sailkatze estropada jokatu beharrik. Hortaz, Donostiarrarekin batera ondorengo arraun taldeak izango dira lehian: Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Orio, Cabo da Cruz, Portugalete eta San Juan.
Iker Zabala Urdaibaiko arraunlariak estropada “txukuna” egin zutela esan zuen atzo. Domekan, lehenengo lau traineruen artean berdintasun handia egongo zela zihoen, eta horregatik, domekan “bizirik” irtetzea garrantzitsua dela esan zuen, edo behintzat segundu gutxi galtzea. Agustin Aranburu bermeotarren presidenteak ere, domekan lehia “estua” izango dutela esan zuen. Halaber, Aranbururen berbetan, orain kale egokia tokatzea espero dute. Izan ere, esan zuenez, Kontxan arraunean ondo egiteaz gain, zortea ere izan behar da.
Bi asteburu
Domeka honetan 12:00etatik aurrera egingo dute estropada, eta datorren astean ere egun eta ordu berean izango da. Orduan argituko da zein den aurtengo Kontxako banderaren irabazlea.
Domekan lehenengo txandan irtengo dira Kaiku, Portugalete, Urdaibai eta Cabo, eta bigarren, txandan, Orio, Hondarribia, San Juan eta Donostiarra.
Sailkapena:
- Kaiku 19:38:70
- Urdaibai 19:40:08
- Hondarribia 19:47:68
- Orio 19:49:56
- Cabo 19:52:56
- Portugalete 19:55:56
- San Juan 19:56:16
- Tiran 20:08:36
- San Pedro 20:10:58
- Astillero 20:11:08
- Zierbena 20:11:96
- Meira 20:13:76
- Isuntza 20:25: 10
- Getaria 20:28:26
- Pedreña 20:30:58
- Zumaia 20:30:74
- Zarautz 20:32:16
- Ondarroa 20:43:90
- Amegrove 20:47:64
- Mugardos 20:49:16
- Trintxerpe 21:02:20
- Santurtzi 21:35:10
- Santoña 21:38:56
- Castro 22:28:38